EHUren XXXVII. Udako Ikastaroak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2018-05-16 13:01   Kulturea

Maiatzaren 28an hasiko dira eta eskaintzea hamalau herritara zabalduko da.

Roberto Iñiguez, Cristina Uriarte, Agustín Erkizia eta Carmen Agoués (argazkia: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritza-ko Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, EHUko Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak, Irizar-eko Personaleko zuzendari Roberto Iñiguez de Onsoñok eta EHUren Udako Ikastaroen zuzendari Carmen Agouések aurkeztu ditue maiatzaren 28tik urriaren 27ra egingo diran ikastaroak; danetara, 191 jarduera programau ditue.

Egunerokotasuneko gaiak jorratuko ditue ikastaroetan, eta horreen artean dagoz erretiratuena edota feminismoarena. Horrezaz gan, delinkuentziaren forma barriek edo pribadutasunari egindako mehatxuek protagonismo berezia izango dabe, hezkuntza arloan jazoten dabilen eguneratze eten bakoa bazterrean laga barik.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastaro espezifikoak homologetan jarraitzen dau, irakasleen eten bako prestakuntzarako. Modu berean, Irizar enpreseak Bizitzaren bidaia zikloan sartutako ikastaroak babesten ditu.

Kirmen Uribe, Planeta sariaren irabazle Javier Sierra, Juan Velázquez egilea edo Begoña Ibarrola protagonista izango dira publiko osoari edegitako 13 jardueretako batzuetan.

María del Mar Vivanco doktoreak, CIC bioguneko ikertzaileak eta giza bularraren zelula amak identifikau zituan taldeko kideak, bagilaren 19an eskainiko dau berbaldia. Aurten, Juan Carlos Izpisúak be parte hartuko dau EHUren Udako Ikastaroetan. Izpisúa nazinoarteko erreferente bat da ama zelulen esparruan.

Amatasun subrogatuaren ganeko eztabaidea, beste alde batetik, ikastaro bitan aztertuko da; bata ikuspegi medikoa ardatz hartuta, eta, bestea, ikuspegi juridikoa eta politikoa jorratuz. Informazino publikoa eskuratzeko eskubidearen erabilerearen eta datuen babeserako oinarrizko eskubidearen arteko orekea be egongo da aztergai ikastaroetan.

Bestetik, herritar guztiei zabalik egongo dan mahai-inguruan, ETAren desagertzearen ganekoak aztertuko ditue. Bertan, Joxerramon Bengoetxea buru izango dan legelarien talde batek parte hartuko dau. Kataluniako Procés-a, Euskal Herriko kasua, erreferendumak, konstituzinoaren erreformak eta autodeterminazino eskubideak aztertzea dabe helburu, besteak beste, Victoria Camps katedradunak eta Javier Pérez Royok.

Guggenheim Museoaren eskutik, nazinoarteko hainbat adituk Osogai teknologikoen bidezko artelan garaikideen konserbazinoaz dakiena partekatuko dabe, horren zailtasunak be azalduz. Hortik labar artera egingo dabe salto eta Zestoan labar artedun kobazuloen Europako lau errepliken (Altamira, La Caverne du Pont d’Arc, Lascaux IV eta Ekainberri) balio museografikoa aztertuko dabe.

Beste alde batetik, euskal ontzigintzeak XIII-XVI. mendeetan izandako garapen teknologikoaren ganeko ikerketen emoitzak ezagutzera emongo ditue. Oria ibaian, Usurbil, Aginaga eta Orio artean kokatutako euskal ontziolen garrantzia aintzat hartuta, ekimen bat atondu dabe eta Hondarribian be jarduera edegi bat egingo da, tradizino eta erritu sozialek edo espiritualek kohesino elementu moduan daben garrantziaren ganean, bai eta gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren aldeko aldaketea eragozteko elementu moduan be.

Eibarren, Azpeitian, Tolosan, Getarian, Errenterian, Irunen, Azkoitian, Ordizian eta Lesakan be izango dira jarduerak. Horrezaz gan, hogeita bost ikastaro egingo dira Bizkaian, eta bederatzi Araban.

Eskaintzea oso zabala izaten da EHUko Uda Ikastaroetan. Jakintzen eguneraketeak hezkuntza sistema osoa hartzen dau, haur hezkuntzearen beharretatik hasita eta unibersidaderaino. Aurten, lankidetzan jarraituko dau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailagaz, eta, oraingoz, aurrez aurreko hamabi ikastaro homologau dira, eta beste hamaika ikastaro online.

Udako Ikastaroen egitarau osoa eta argibideak, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu