Bai Euskarari-k Lansarean atarirako aplikazinoa aurkeztu dau

Bizkaie! 2018-05-16 10:42   Euskerea berbagai

Lan bila dabizanentzako eta lana eskaintzen dabenentzako tresna barria da.

Bai Euskarari Alkarteak euskeraz dagoan lan-atari bakarraren aplikazinoa aurkeztu dau: Lansarean App. Webguneak 4.000 lan-eskaintza, 380 enpresa eta 2.800 erabiltzaile baino gehiago jaso ditu eta, oraingoan, tresna barriagaz, pauso bat harago joan nahi izan dau, ibilbide profesionala euskeraz garatu nahi dauenari erraztasunak emoten segitzeko. 

Lansarean berez, publiko mueta bi honeei zuzenduta dago: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entidadeei, lan-eskaintzak zabaldu eta aukeraketa-prozesuak arinago kudeatzeko; eta, bestetik, lan bila dabizan personei, euskerazko eskaintza profesionalak modu personalizadu baten jaso eta modu hoberenean egokitzen jaken lana topetako. Kasu bietan, Google Play eta App Store-n deskargau leike tresna barria, doban.

Aplikazino barriagaz lana euskeraz bilatu, eskaini eta euskeraz lan egin nahi dauen komunidadeari tresna eta baliabide barriak eskainiko jakoz, hareen behar eta lan-kudeaketa ohituretara egokiturik.

Hautagaia izan edo profesionala izan, lan eskaintzen kudeaketa erraza eta eraginkorra izateko diseinatuta dago aplikazino barria. Sektore anitzeko lan-eskaintzak jasotzen ditu atariak, interesen arabera personalizadu leikezanak; aplikazinoak, ganera, notifikazinoak programatzeko eta eskaintzak ordenatzeko aukerea emoten dau; kudeatzeko sistema erraza dauka, eta hautagaia eta enpresak hartu-emonetan jarteko mezularitzea eskaintzen dau. Horretaz gan, Lansarean-eko erabiltzaileei ibilbide profesionala euskeraz egiten laguntzeko helburuagaz, orientazino zerbitzua emon eta formakuntza agendearen barri emoten dau.

Lansarean Bai Euskarari alkartearen proiektua da eta arlo sozioekonomikoan euskerearen erabilerea areagotzeko asmoz sortu zan. Izan be, Bai Euskarari Ziurtagiriaz gan, euskal komunidade profesionala sendotu eta hizkuntzea integratzeko bideraturiko espazioak, baliabideak eta tresnak sortu eta garatzeko dihardu alkarteak, alkarlanean. Besteak beste, Enpresarean, Lansarean lan-ataria eta Lanabes, Araban Euskara Lanean dira martxan jarritako egitasmoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu