Erdiak baino gehiago kultura politikei lehentasuna emotearen alde dagoz EAEn
2018-05-16 08:15 KultureaOhitura kulturalen inguruko inkesta baten emoitzak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzeak.
Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritarren jarrerea eta ohiturak ezagutzeko Soziometroaren barri emon dau Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Zezeilean eta martian etxerik etxe egindako ia 2.000 alkarrizketa dira datuen oinarria. Emoitzen arabera, herritarren % 57k uste dabe kultura politikek lehentasun handia izan behar leukiela Jaurlaritzearen zereginen artean. Datu positiboa begitandu jako Zupiriari.
Horrezaz gan, kulturarako dagozan baliabideak banatzeko orduan, lehentasuna emon behar jako kulturea irisgarriago egiteari, inkestea egin dabenen % 43ren eretxian. Baliabideak sortzaileak laguntzeko bideratzea % 23ren aukerea baino ez da. Alde horretan, beraz, zeozelako pedagogia egitea beharrezkotzat jo dau Bingen Zupiriak: Gure sistema kulturala osasungarria izatea nahi izan ezkero, aintzat hartu beharko dogu sortzaileen lanak kulturzaleen babesa izan beharko dauela, eta lan hori be ordaindu beharko dala. Horren zabalduta dagoan dobakotasunaren kultureari aurre egin behar deutsagu.
Beste alde batetik, kulturearen arlo bakotxean herritarren ohiturak be aztertu ditue inkestan; ondokoak dira datuak, atalez atal:
Irakurketea: Biztanleen erdiek baino gehiagok irakurteko zaletasun handia edo nahikoa dabela adierazo dabe (% 57) eta % 86k denpora librearen zati bat irakurten pasetan dabela (prentsa, liburuak edo bestelako irakurgaiak). Ia erdiek (% 47) egunero edo ia egunero irakurten dabe, emakumeek gizonek baino gehiago. Azken liburua euskeraz irakurri dabe % 5ek, eta proportzino hori % 10era heltzen da euskal hiztunen kasuan.
Irakurten dabenen artean, arrazoi nagusienak dira informauta egotea (% 67), denporapasea edo ondo pasetea (% 56) eta gauza barriak ikastea (% 25). Irakurten ez dabenen artean, ohiturarik ez izatea (% 46), irakurtea gustuko ez izatea (% 44) eta denpora faltea (% 39) dira arrazoiak.
Musikea: Zaletasuna badabela dinoe % 81ek, hamarretik zazpik egunero edo ia egunero entzuten dabe musikea. Irratia eta telebistea dira musikea entzuteko gehien erabilten diran gailuak (% 45) eta bigarren interneten zuzenean entzundako musikea da (% 24); ganera, % 12k internetetik doban hartutako musikea entzuten dabe. Azkenik, % 9k erositako edo grabautako musikea entzuten dabe (mp3, CD edo DVDak).
Zinemea: Hamarretik bederatzik astean behin gitxienez ikusten dabe pelikula edo telesailen bat, gehienek telebistan. Hamarretik sei azken urtean gitxienez behin joan dira zinema-aretora pelikularen bat ikusten. Biztanleen % 19k gitxienez pelikula bat ikusi dau euskeraz azken urtean.
Arte eszenikoak: Hamar biztanletik lauk adierazo dabe arte eszenikoak (antzerkia eta jantzea) asko edo nahikoa gogoko dituela (% 40), eta zenbat eta helduagoak izan zaletuagoak dira. Euskeraz dakienak gehiago joan dira azken urtean antzerkira (gitxienez behin, % 32), ez dakienak baino.
Bertsolaritzea: Herritarren % 21 dira bertsozaleak; euskal hiztunen artean, herena. Lau euskaldunetik bat saioren batera joan da azken urtean. Herritarren ia erdiek badabe 2017ko Txapelketa Nagusiaren barri, baina horreen erdiek ez dabe gogoratzen nork irabazi eban.
Museoak eta erakusketak: Hamarretik lauk dabe erakusketak ikusteko zaletasuna. Arte-museoren batera joan dira % 44 azken urtean, % 16 zientzia-museoren batera eta % 18 historia-museo batera. Guggenheim eta Bilboko Arte Eder museoetara joan dira gehienbat herritarrak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!