Hitzarmena sinatu dabe Ortzadar LGBT Alkarteak eta Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2018-05-15 13:08   Euskerea berbagai

Hiru urterako izango da lankidetza akordioa.

Argazkia: Euskaltzaindia | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo aldia da Ortzadar LGBT alkarteak eta Euskaltzaindiak alkarren arteko lankidetza hitzarmena sinatzen dabena. Akordioa hiru urterako egin da eta horren bidez, Akademiak Ortzadar LGBT alkarteari aholkularitzea eskainiko deutso, batez be:

- Gradu amaiera eta Master ikasketetan alkarteak sustatzen dituan deialdietan euskerearen erabilerea normalizadua eta jasoa ziurtatzeko.

- Alkarteak bideratzen dauen aldizkari zientifikoan euskereari toki egokia eta duina emoteko.

- Aurreko xedapen bien ondorioz sortzen dan euskerearen testu-masea eskuratuko deutso Ortzadar LGBT alkarteak Euskaltzaindiari. Akademiak, besteak beste, Euskaltzaindiaren Hiztegia elikatzen dauen Lexikoaren Behatokia elikatzeko baliatuko dau euskerazko testu-masa hori.

Modu berean, Ortzadarrek Euskaltzaindiari aholkularitzea eskainiko deutso herritarren bardintasuna, bizikidetzea, sexu askatasuna eta giza eskubideak Euskaltzaindiaren Hiztegian zein bestelako hizkuntza baliabideetan hobeto islatuta agertu daitezan.

Errealidade honeek guztiak gogoan ditu Akademiak, eta horreek kontuan hartuz, erabagi garrantzitsuak hartu ditu azkenaldian. Besteak beste, familia-harremanetako gaurko errealidadera moldatu ditu Hiztegiko hainbat definizino; dinastia-kontuetan be egin dira aldaketak; Espainiako Justizia Ministerioari euskal izendegiagaz malguago jokatzeko eskatu eutsan eta abar.

Andres Urrutia pozik agertu da sinatutako hitzarmen barriagaz: Euskal gizarteagaz eta beren-beregi kolektibo honegaz genduan zor bat kitatzera dator. Euskerea gaitu eta erabilera barrietara moldatu eta egokitzeko agindua dauka Akademiak, eta horretara dator, neurri baten, hitzarmen garrantzitsu hau, autortu dau. Euskaltzaindiak ezin deutso muzin egin bere erantzukizun sozialari, onartu dau Urrutiak eta LGBT kolektiboa ikusgarriago egiteko ekarpena egin nahi dauela nabarmendu dau.

Ortzadar LGBT alkarteko presidente Javier García be pozarren azaldu da gaurko agerraldian: Gure alkarteak garrantzia emon nahi deutse euskeraz egindako ikerketei, eta horretarako Euskaltzaindiagaz bat egitea ezinbestekoa zan guretzat. Axier Garate alkarteko bozeroaleak, bere aldetik, euskal gizarteak LGBT kolektiboagaz dauen konpromiso irmoa gogoratu nahi izan dau: Eguen honetan homofobiaren aurkako eguna ospatzen dogu, eta hitzarmen hau baliatu nahiko geunke gure gizarteak aniztasun afektiboaren aldeko apustu garbia egin dauela erakusteko.

Besteak beste, Ortzadar LGBT alkarteak familia aniztasunaren eta genero-bardintasunaren inguruko formakuntzea eta ikerkuntzea sustatzen ditu, eta gai horreen inguruan egiten diran master, doktore tesi eta graduondokoak zabaltzen ahalegintzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu