Aldarrikapena nagusi Herri Urratsen
2018-05-14 07:37 Euskerea berbagaiFrantziako Hezkuntza arduradunen erabagiak salatu ditue milaka euskaltzalek Senperen.
Herri Urrats urtero izaten da aldarrikapenerako plazea, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko deia egiten da eta. Aurten, baina, aldarrikapena inoz baino zehatzagoa izan da: Irakasle-postu gehiago eskatzen deutsaz Seaskak Frantziako Gobernuari, eta honen ezezkoaren aurrean, protestan dabiz Ipar Euskal Herriko euskaltzaleak.
Atzoko Herri Urratsen hasieratik nagusitu zan giro aldarrikatzailea. Izan be, Pirinio Atlantikoen departamenduko hezkuntza ikuskaria, Pierre Barrère, Senpereko lakuan izan zan, zirkuitua zabaltzeko ekitaldian. Seaskaren eskariari ezezkoa emon eta Frantziak ez dauela jarrerea aldatuko esan eban. Bertaratutakoek txistu jo eutsien.
Jean-René Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak berak be kritikau eban hezkuntza arduradunen jarrerea, hasierako ekitaldian. Euskera hutsean egindako berbaldian, euskerea errespetetako eskatu eutsan Frantziako Gobernuari, hori dalako euskal lurraldea errespetetako bidea. Seaskak idatzi bat atondu dau, udaletan eztabaidatu eta onartu daien, euskal irakaskuntzeren alde. Paxkal Indo Seaskako lehendakariak alkartasunerako deia egin deutse hautetsiei.
Ganerakoan, giro bikaina eta milaka lagun egon ziran Senpereko lakuaren inguruko zirkuituan. Euria eta hotza ez ziran faltau, baina momentu eguzkitsuak be egon ziran eta, hortaz, antolatutako ekintzez disfrutau ahal izan eben euskaltzaleek. Prefosta lelopean egindako jai honetako etekinak Larzabalgo Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioari laguntzera bideratuko dira.
Eusko Jaurlaritzearen eta Ikastolen Alkartearen ordezkariak be Senperen izan ziran eta adierazpenak egin zituen. Bingen Zupiria Kultura sailburuak alkarlanaren garrantzia azpimarratu eban, euskerearen aldeko lanean: Euskaraldia proiektuak, seguruenik, tarte bat izango dau etorkizunean euskerearen historiaz idatziko diran orrialdeetan. Eta tarte bat izan beharko dau orain dala ia urtebete Iruñean sinatu genduan akordioak. Izan be, euskerearen lurraldeen arteko alkarlana sendotu dogu, eta igazko garagarrilaren 3an Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak akordioa sinatu genduan hizkuntza politika gaietan alkarlana sustatzeko. Eta hori be azpimarragarria da.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburordea be Senperen izan ziran. Eurakaz batera, Koldo Tellitu Ikastolen Alkarteko lehendakaria eta beste erakunde, alkarte eta eragileen izenean joandako ordezkari ugari.
Eusko Jaurlaritzeak hitzarmen-marko bat adostuta dauka Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoagaz euskerea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bultzatzeko. Aurten, apirilaren 25ean zehaztu zan 2018rako akordioa, eta guztira 1.930.000 euro izango dira (horreetatik, Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro jarri ditu). Akordio honen bidez, euskerearen inguruko ikerketaz eta terminologiari loturiko lanez gan, helduen euskalduntzea, euskerazko hezkuntzea eta euskerazko hedabideen lana diruz laguntzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!