Internet bidezko euskerazko telesaila grabetan hasi dira

Bizkaie! 2018-05-14 10:33   Kulturea

Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo dira proiektuaren sortzaileak.

Maialen Sorzabalbere eta Amaia Rojo | Ikusi handiago | Argazki originala

Dana prest daukie Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok 4K teknologiagaz (ultradefinizinoa) egidako internet bidezko lehenengo euskerazko telesailaren grabaketeagaz hasteko. Izenburua Puntu Koma izango dala iragarri dabe eta sortzaile biak ibiliko dira zuzendari lanetan. Eurak dira hain zuzen be, Next Station ikus-entzunezko plataformearen lehiaketearen irabazleak. Telesailak, zortzi minutuko sei kapitulu izango ditu, eta EITBn eta sarearen bidez eskainiko da, eskariaren araberako entretenimenduaren (VOD) sektorean espezializautako hainbat jaialditan aurkeztu aurretik.
 
Aditu talde batek eta ikus-entzuleek sare sozialen bitartez emondako botoakaz aukeratutako proiektu irabazlea ospitale bateko logelan dago girotuta. Bertan, koman dagozan lau gaixoren senideak, hau da, gor-mutuez osotutako bikotea, ijito bikotea, ama biko bikotea eta aurreretxiz betetako 65 urteko emakume tradizional bat alkarregaz bizi beharrean egongo dira, alkarren arteko hartu-emonak onak ez diran arren.
 
ETBko Gorka Garcíak eta Itziar Azpeitiak, eta Jokin Etcheverria, Diego Urruchi eta Elbio Nielsen Next Station-en sortzaileek osotutako epaimahaiak gidoiaren originaltasuna azpimarratu dabe, izan be, suspensea izateaz gan, gizarte mailako eztabaidea be biztuten dau, eta lengoaia bikotx hori da, hain zuzen be, telesailari indarra emoten deutsona. Horrezaz gan, gaiak gaur egungoak eta unibersalak diran kontuei erantzuten deutse, eta beste hizkuntza eta merkadu batzuetara egokitzeko aukerea eskaintzen dau. Horrek asko errazten dau salmentea eta nazinoartera zabaltzea, azaldu dabe.
 
1996an jaiotako donostiarrak dira Sorzabalbere eta Rojo, Zuzenbide eta Komunikazino gradu bikotxeko eta Historiako ikasleak dira, hurranez hurran, eta bietako batek be ez dau esperientziarik ikus-entzunezko kontuetan, izan be, Next Station-eko bazkideek formatu eta talentu barrien alde egiten dabe apustua EIKEN (Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Clusterra), EITB eta Media Attack, Develop Hub eta J.O.K films produkzino-etxeak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, Euskaltelen, Eusko Jaurlaritzearen eta Mondragon Unibersidadearen laguntzinoagaz.
 
Azken buruan, danen helburua da euskal ikus-entzunezko industria bultzatzea, euskeraz egindako produkzino lanak, batez be, sektoreko profesionalei eta amateurrei euren ideak gauzatzeko aukerea eskainiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu