Euskerearen erabilera informala aztertuko dabe Euskaltzaindiak eta Ezkerraberrik

Bizkaie! 2018-05-11 08:17   Euskerea berbagai

Jardunaldia egingo dabe bagilaren 1ean, Donostian.

Sagrario Aleman, Miriam Urkia eta Inaki Irazabalbeitia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gizartean pil-pilean dagoan gaia da euskerearen erabilerearena, eta sarri sortzen dira kalapita eta nahasteak, azaldu dau Inaki Irazabalbeitia Ezkerraberri Fundazinoko zuzendariak. Hain zuzen be, kezka horri erantzutera dator Euskaltzaindiagaz batera antolatu daben jardunaldia. Euskera informalaren inguruko hainbat alderdi jorratuko ditue: euskalkien zeregina zein dan, ahozko euskereak eta argotak zelakoa behar dauen izan, gazte hizkerak...

Bagilaren 1ean egingo dabe jardunaldia, goizetik eguerdira bitartean, Donostiako Tolare baserrian, Luis Villasante Euskerearen Ikergunean. Hainbat lagunek egingo dabe ekarpena, nork bere alorretik. Parte-hartzaileen artean dagoz Mikel Zalbide, Inma Muñoa, Orreaga Ibarra, Asisko Urmeneta, Adolfo Arejita, Joxerra Gartzia eta Xabier Euzkitze.

Jardunaldia aurkezteko agerraldian, Inaki Irazabalbeitiagaz batera, Sagrario Aleman eta Miriam Urkia euskaltzainak egon dira. Azken horrek Akademiaren eta beste eragile batzuen arteko alkarlana txalotu dau, halako ekimenak antolatu ahal izateko: Euskaltzaindiak gizarte eragileakaz hartu-emon estua dauka eta horren erakusgarri da ekintza barri hau.

Sagrario Alemanek azaldu dauenez, Euskaltzaindiaren Sustapen Batzordeak baditu bere eginkizunak, baina kanpoko proposamenak be jasoten eta aztertzen ditu batzuetan. Honako hau, ganera, oso une egokian dator, euskera batuak mende erdia bete dauelako aurten, eta euskalkien eta euskera batuaren arteko eztabaidea oraindino mahai ganean dagoalako, zehaztu dau.

Jardunaldian izena emoteko, Euskaltzaindiagaz (943 42 80 50 / 94 415 81 55 eta info@euskaltzaindia.eus) edo Ezkerraberrigaz (948 20 63 62 / 948 20 60 03) bat egin behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu