Bertsoen oihartzuna Frisiara heldu da

Bizkaie! 2018-05-10 13:29   Bertsolaritzea

Frisierazko kantu inprobisadua sortu dabe, euskerazkoan oinarrituta.

Bertsolaritzearen inguruko giroak txunditu zituan frisiarrak, BECera etorri ziranean (argazkia: Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketearen eta 2017ko abenduko finalaren oihartzuna mundu zabaleko hainbat txokotara heldu da. Berbarako, Frisiara, berezko kulturea eta hizkuntzea dituan Herberehetako eskualdera. Mintzolak jakitera emon dauenez, abenduan BECen izan ziran frisiar batzuek dokumentala grabau dabe eta frisierazko kantu inprobisaduaren hazia ereiteko lanean hasi dira.

Bertsolaritzearen ereduak beste hizkuntza batzuetan erantzun ona izan leikela sinistuta ipini dabe martxan Bartelje! proiektua. Bost lagun dira bultzatzaileak: Bart Kingma, Gerard de Jong, Elmar Kuiper, Mirjam Vellinga eta Syds Wiersma. Egitasmoa gizarteratzeko lehenengo agerraldia maiatzaren 18an egingo dabe, Leeuwarden urian, aurten Europako Kultura Uriburu dala aprobetxauta.

Ekitaldi horretan bertsolaritzan oinarrituta egin daben dokumentala lehenengoz ikusi ahal izango da. Ondoren, bertsolaritzearen oinarrizko arauak azaldu eta ikasi eta gero, nahi daben guztiek frisieraz inprobisau ahal izango dabe. Modu horretan, Frisiako bertsolaritzea, edo bartelje, lehenengoz egingo da. Frisieraz ez eze, eskualdeko beste hizkuntza gitxituetan be kantau ahal izango dabe: bildts, franekers, stellingwarfs...

Hilaren 18ko ekitaldira 150 lagun inguru konbidau ditue, besteak beste, idazleak, poetak eta hizkuntza gitxituen zaleak. Hortaz, Frisiako bertsolaritzeari ekiteko talde polita osotuko dabelakoan dagoz. Proiektuak hartzen dauen indarra garagarrileko lehenengo astean ikusi ahal izango da, bertsolaritzearen eta Frisiako inprobisatzaile barrien arteko topaketea antolatuko dabelako, Etxepare Institutuaren laguntzinoagaz eta Leeuwarden 2018-ko egitarauaren barruan.

Bertsolaritzearen inguruko dokumentalak be bere bidea egingo dau hilaren 18ko aurkezpenaren ostean. Izan be, hurrengo egun bietan, 19an eta 20an, Frisiako telebistan eta Herbereheetako telebista publikoan emongo dabe.

Dokumentalaren trailerra, frisieraz, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu