Hizkuntza Eskubideen Protokoloa euskal ikuspegitik aztertu dabe
2018-05-10 08:36 Euskerea berbagaiEragile sozialakaz alkarlanean ateratako ondorioak aurkeztu ditu Kontseiluak.
Hizkuntza Eskubideen Europako Protokoloa, edo Donostiako Protokoloa, adostu eben 2016ko abenduan Gipuzkoako uriburuan, hizkuntza txikien eskubideak aldarrikatu eta hizkuntza-politika egokiak eskatzeko. Protokolo hori euskerearen eta Euskal Herriko egoerearen ikuspegitik aztertzeari ekin eutsien Kontseiluak eta eragileek eta lehenengo ondorioak aurkeztu ditue urte eta erdi geroago.
2016ko abenduan Protokoloa aurkeztu eta berehala izan genduan argi harribitxi hori landu eta gure betaurrekoakaz Protokoloa irakurteko gidea zehaztu behar genduala, adierazo dau Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian.
Prozesu parte-hartzailea izan da eta 80 eragile sozial inguruk egin dabe ekarpena; horren erakusgarri, Paul Bilbaogaz batera Donostiako ekitaldian izan diranak: Urtxintxa Eskolako arduradun Amagoia Osinalde, PuntuEus fundazinoko zuzendari Josu Waliño, Sortzen alkarteko euskara arduradun Olatz Egiguren eta LAB sindikatuko euskara arduradun Amaia Aurrekoetxea. Eragile guztien izenean, horreek hartu dabe berbea.
Ganera, erakunde publikoetako ordezkariak be egon dira San Telmoko agerraldian, berbarako, Eusko Jaurlaritzearen izenean, Estibaliz Alkorta Euskerea Sustatzeko zuzendaria egon da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Garbiñe Mendizabalek be parte hartu dau.
Protokoloan jasoten dan neurri bakotxaren ezaugarriak zehaztea izan da eragileen laguntzinoagaz egindako lan nagusia: bakotxa zelan ulertu behar dan; beteteak zer ekarri beharko leuken; neurri bakotxak ze aurre-baldintza behar dituan, eta abar. Azken baten, neurri horreek euskerearen ikuspegitik zelan aplikau leitekezan ikusi dabe. Administrazinoek neurriok banaka be aplikau leikiez, ez dagozalako alkarri lotuta.
Hizkuntza eskubideak bermatzeko bidea zabaltzea eta hizkuntza politika barria eskatzea izan da prozesuaren helburua. Horreek gai biak euskerearen ikuspegitik aztertu eta 185 neurri adostu ditue. Alkarlanean eta gizarteko hainbat arlo kontuan hartuta zehaztu ditue neurriok, izan be, 2016ko abenduan hasitako prozesuan ez dabe euskalgintzakoek bakarrik parte hartu, beste era askotako gizarte eragileek be zeregin aktiboa izan dabe.
Azken boladan hizkuntza-politikea birdefiniduteaz berba egin da behin eta barriro, eta bada garaia hizkuntza-politikak ikuspegi integratzailetik garatzeko, azpimarratu dau Paul Bilbaok. Bada garaia administrazinoko sail eta maila guztietan eraginez, benetako zeharkakotasunez garatuko diran hizkuntza-politikak abiatzeko eta Protokoloaren Euskal Herriko Garapenak jauzi hori egiten lagunduko dau.
Bilbao instituzino eta potere publikoei be zuzendu jake, eta azken boladan erakunde publikoen eta euskalgintzearen arteko alkarlanaren beharra agertu dala gogoratu dau: Kontseiluak alkarregaz bidea egiteko tresna interesgarri eta eragingarria jarri nahi dau mahai ganean, Europan inozko adostasun sozial handiena lortu dauen dokumentutik sortutako bide-orria.
Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren Euskal Herriko Garapena irakurri osorik hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!