Euskerearen historiaz dakiguna, liburu baten

Bizkaie! 2018-05-09 12:37   Euskerea berbagai

Historiaurretik gaur egunera arte, hizkuntzearen bilakaerea aztertu dabe hainbat adituk.

Ivan Igartua, Bingen Zupiria, Miren Dobaran eta Joaquin Gorrotxategi (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen historia hobeto ezagutzeko bidean mugarria izan leiteken liburua aurkeztu dabe Eusko Jaurlaritzeak eta EHUk. Euskararen historia arlo akademikoko aditu ezagunek talde-lanean egindako lan zabala da, hizkuntzearen bilakaera osoa jorratzeko helburua dauena, hau da, Historiaurretik hasita gaur arte, kapitulutan banatuta.

Gasteizen egindako aurkezpenean egon dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, EHUren Arabako Kanpuseko errektoreorde Ivan Igartua eta liburuan parte hartu dauen adituetako bat, Joaquin Gorrotxategi katedraduna.

Aurkezpena amaitzean, mintegi bat egin dabe Arabako campusean, Euskerearen historia, bide barriak izenburupean, Joseba Lakarra moderatzaile dala. Blanca Urgell, Patxi Salaberri, Céline Mounole eta Iñaki Camino izan dira hizlariak.

Obra honen garrantzia azpimarratu dau Bingen Zupiria sailburuak, liburu bakar baten batzen dauelako euskerearen historia gorabeheratsua. Mendeetan zehar euskerearen berezitasunak hizkuntzalarien eta adituen jakin-mina biztu dau, euskereak teoria anitzak sortuarazo ditu bere sorburuen eta beste hizkuntza batzukaz dauen ahaidetasunaren inguruan, adierazo dau sailburuak. Euskereren historiari buruzko ikuspegi zabala eta zehatza eskaintzea da obra honen asmoa, eta gai honetan aditu nagusi diranen eskutik egin dan lana da. Izan be, argitalpen erreferentziala izateko jaio da Euskararen historia, aditu askoren arteko alkarlanari esker sortua, euskerearen historia osoa batzeko asmoz eta erespide zientifiko zorrotzei kasu eginaz. Atal bakotxean aldi bat jorratzen da: Historiaurrea, Antxinaroa, Erdi Aroa eta abar, gaur egunera arte. Garaiak bereizteko euskerearentzat mugarri izan diran datak erabili ditue.

Egileak honeek izan dira: Joaquin Gorrotxategi, Patxi Salaberri, Céline Mounole, Joseba Lakarra, Ricardo Gómez, Blanca Urgell, Iñaki Camino eta Pello Salaburu. Mikel Aizpuru, Juan José Larrea eta Xabier Zabaltza historialariek egindako ekarpenak be aitatu ditue aurkezpenean.

Kontua da ze uskerearen aldi bakotxaren inguruan dagozan datuak ez dirala bardinak: Sasoi batzuen ganean informazino oparoa dago, beste kasu batzuetan ia ez dago ezer. Halandabe, liburuari batasuna emoteko, kapitulu guztiei egitura bardintsua emon deutsie.

Kapitulu bakotxaren hasieran, izakera historiko orokorra dauen sarrera bat eskaintzen da, hizkuntzearen bilakaerea testuinguruan kokatzen laguntzeko. Sarrera horren ondoren, euskerearen zabalkuntzeari buruzko informazinoa eskaintzen dau atal bakotxak eta, hirugarrenik, hizkuntzearen testigantza dokumentala jaso dabe. Behin testigantza horreen analisi zehatza eginda, inguruko hizkuntzakaz euskereak izan dituan hartu-emonak jorratzen dira. Azkenik, kapitulu batzuetan, aldi bakotxari jagokozan idea linguistikoak eta garapen gramatikografikoa aztertu dira.

Euskerearen historiarako oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea da liburuaren helburu nagusia. Euskalaritzearen garapenerako, beharrezkoa izan da eskueran dogun informazinoa monografia moduan batzea. Ivan Igartuak azaldu dauenez, erreferentziazko historia bat lantzen saiatu gara, bere izakeran eta bere oinarri teoriko-metodologikoetan gure inguruko hizkuntzetarako dagozan historien antzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu