Judith Butler-en 'Genero nahasmendua' liburua euskeratu dabe
2018-05-09 12:47 KultureaAna Isabel Moralesen itzulpena Elkar argitaletxeak kaleratu dau.
1990. urtean argitaratu eban Judith Butler filosofoak, orain, Ana Isabel Moralesek euskeratu dauen Genero nahasmendua liburua. Elkar argitaletxeak plazaratu dau, Jakinegaz alkarlanean. Itzultzaileak azaldu dauenez, pentsamendu feministearen historian giltzarria da lan hau: feminismoari bidea aldatu eutsan. Moralesek dinoanez, liburuaren tesiaren arabera, ez da genero esentziarik existiduten, generoa beti eregiten da kulturearen bidez, ez da naturea vs kulturea existiduten, gizakiari jaiotzen danetik generoaren markea ezarten jakolako. Honegaz batera, lanean azaltzen danez, sexua be beti eregia da, botere egituren arabera interpretetan dalako.
Generoa ekintzen bitartez egiten dala azaltzen da liburuan, performatiboa da. Identidade baten ilusinoa ekintza errepikatuen bidez sortzen da, baina Moralesen arabera, badagoz ustez finkoak diran kategoriak: maskulinoa eta femeninoa edo gizona eta emakumea; baina horreek kolokan jarterik badago, eta hori bestelako modu batzuetan generoa eginez lortzen da, generoa ez dalako izaten garen zeozer, egiten dogun gauza bat baino.
Judith Butler Estadu Batuetan jaio zan 1956an. Filosofo postestrukturalistea da eta batez be generoari, etikeari eta politikeari buruzko ikerketak eta hausnarketak egin izan ditu. Idatzitako liburu arrakastatsuen zerrendan dagoz Genero nahasmendua eta 1993an ondutako Bodies That Matter: On the Discursive Limits of Sex. Bietan generoaren bitasuna zalantzan jarri, eta generoaren teoria performatiboa proponiduten dau filosofoak.
1993. urteaz geroztik, Butler irakaskuntzan dabil Kaliforniako unibersidadean; Maxine Elliot katedraduna da Literatura Konparatua Sailean eta Teoria Kritikoaren Programan. Horrezaz gan, Hannah Arendt katedraduna eta filosofia-irakaslea da Suitzako European Graduate School (EGS) unibersidadean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!