Argentinan udako egonaldia egiteko gazte euskaldunen bila dabiz
2018-05-09 09:29 Euskaldunak munduanNecocheako Euskal Etxeak Hator Hona programea jarri dau martxan.
Aurreko urteetako emoitzeagaz pozik geratu diran ezkero, 2018ko udan barriro abiatuko dabe Hator Hona alkartruke programea Argentinako Necocheako Euskal Etxekoek. Hamazortzi eta 30 urte bitarteko euskal gazteek parte hartu leikie eta aukeratzen dituenak euskerea, euskal jantzak, musikea eta abar erakusten joango dira Hego Amerikara, udan.
Euskal herritarren eta Argentinako diasporearen arteko hartu-emonak sendotzeko ekimena da Hator Hona. Euskal Etxekoek dinoenez, euskaldunen inmigrazinoa aspaldi eten zan eta, hortaz, euskal nortasunari, hizkuntzeari eta ohiturei eustea Euskal Etxeko kideen ahaleginaren esku dago. Alkartrukearen bidez, horretan sakontzeko aukerea izango dabe argentinarrek.
Euskerea, musikea, jantzak, gastronomia eta abar erakusteko prest dagozan 18 eta 30 urte arteko gazteei dei egin deutsie. Ez da alor horreetako titulazinorik behar, garrantzitsuena gogoa eta esperientzia dira, Euskal Etxekoen arabera. Aukeratzen dituen gazteek Necoechearainoko (Buenos Aires probintzian) bidaiea euren kontura pagau beharko dabe eta, behin han, beste guztia Euskal Etxearen esku egongo da: bazkideren baten etxean ostatu emongo deutsie, esaterako.
Egonaldia bera garagarrilaren 13tik abuztuaren 3ra arte izango da. Argentinan negua da sasoi horretan. Izena emoteko epea maiatzaren 18ra artekoa da, hemen. Zalantzak argitzeko, idatzi hatorhona@gmail.com helbidera.
Hator Hona programea 2004an sortu eban Necocheako Euskal Etxeak eta, harrezkero, 80 bat gazte inguruk parte hartu dabe. Esate baterako, 2017an sei neska-mutil egon ziran, hainbat herritakoak: Usansolo, Hernani, Baigorri, Donostia, Iruñea eta Astigarragakoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!