Euskal Herri osoko errugbi txapelketea sortuko dabe

Bizkaie! 2018-05-09 12:26   Kulturea

Udagoienean hasiko dira kanporaketak eta 2020rako liga formatua izango dau.

Euskal Ligaren aurkezpena, San Mamesen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Erakunde publikoek eta errugbi-federazinoek bat egin dabe Euskal Herri osoa aintzat hartuko dauen proiektu barria sortzeko. Europako txapelketetako finalek eragindako ikusmina aprobetxauta, Bilboko San Mames futbol zelaian aurkeztu dabe Euskal Herriko txapelketea.

Ipar Euskal Herrian dagoan zaletasuna eta maila teknikoa zazpi herrialdeetara zabaltzea da ekimen barriaren asmoa, era horretara Euskal Herri osoa hartuko dauen txapelketa interesgarria sortzeko asmoz. Udagoienean bertan hasiko da lehenengo edizinoa, kanporaketen bidezkoa, baina lehiaketea liga formatukoa izatea adostu dabe. Gatxagoa da liga bat antolatzea, denporaldi osoko konpromisoa eta azpiegitura sendoagoaren beharra dakarrelako klubentzat, horregaitik 2020an ipiniko dabe martxan ligea, ondo bidean. 2018 eta 2019an kopa formatua izango dau.

Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak egongo dira Euskal Ligan: Batetik, Ipar Euskal Herrikoak, han zale asko eta talde indartsuak dagozalako. Hori bai, klub profesional biek, Baionak eta Miarritzek, ez dabe parte hartuko, laguntzeko prest agertu diran arren. Bestetik, Hego Euskal Herritik, aurten Espainiako Ohorezko Mailan jokatu daben lau taldeek parte hartuko dabe: Ordiziak, Gernikak, Hernanik eta Getxok. Baita beste klub batzuek be.

Gazteen mailetan eta formakuntzan aspaldikoa da Ipar eta Hego Euskal Herriko taldeen arteko lankidetzea. Goi-mailan be alkarlan hori finkatzea da Euskal Ligearen helburu nagusietako bat, bultzatzaileen arabera.

Bilbon agertutako asmoen arabera, gizonezkoen txapelketea izango da Euskal Ligea, eta senior mailakoa. Dana dala, antolatzaileek azpimarratu dabe lanean dabizala emakumeen txapelketea sortzeko.

Euskadiko Federazinoak (EAEkoa) eta Nafarroakoak bat egin dabe proiektuagaz, baita Ipar Euskal Herriko errugbiaz arduratzen dan Errugbi 64 departamendu batzordeak be. Erakunde publikoen babesa be zabala da: Eusko Jaurlaritzea, Nafarroako Gobernua eta Euskal Alkargoa.

Euskadiko Errugbi Federazinoko Iñaki Laskurainek esan dauenez, kirolaren ikuspegitik, ez dau zentzunik Euskal Autonomia Erkidegoak Iparraldeari lepoa emotea; proiektu honek aukerea emongo dau Hegoaldekoek onenakandik ikasi deien.

Asko partekatzen dogu kulturearen, hizkuntzearen eta kirolaren aldetik, eta horretan sakondu nahi dogu, adierazo dau Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Proiektua oso emonkorra izango da errugbia gurean sustatzeko, eta hori inportantea da errugbia balioei loturiko kirol bat dalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu