Euskal linguistikea landuko dau Koldo Mitxelena Katedreak
2018-05-08 10:28 Euskerea berbagaiRicardo Etxepare izango da aurtengo irakasle konbidatua.
Koldo Mitxelena Katedrea Etxepare Euskal Institutuak mundu osoan zehar dituan euskal ikasketen katedren sareko parte da. Chicagoko unibersidadean gauzatzen da urtero, eta aurtengo programea dagoeneko abian da. Institutuak aurreratu dauenez, Ricardo Etxepare izango da aurten irakasle konbidatua.
Bihar, maiatzaren 9an, euskal linguistikearen ganeko egun osoko mintegia atondu dabe Workshop on Basque Linguistics izenpean. Bertan izango dira Itxaso Rodriguez-Ordoñez (Southern Illinois University Carbondale), José Ignacio Hualde (University of Illinois at Urbana Champaign) eta Ricardo Etxepare bera (CNRS, IKER UMR 5478).
Irakasle konbidatu modura, beste hainbat saio be izan ditu Etxeparek. Maiatzaren 2an, hizkuntzen aldaeren inguruko mintegia eskaini eban, eta 7an, aldiz, morfologia eta sintaxiaren ganekoa.
Esku-hartzeetan, azken lanen emoitzen inguruan berba egin dau adituak, euskerearen historiari eta gramatikearen bilakaereari lotutakoak. Horrezaz gan, unibersidadeko hainbat ikasle eta doktoregaigaz be hitzorduak itxi ditu euren lanen inguruan berba egiteko.
Ipar Ameriketako unibersidade-esparruan euskal ikasketak zabaltzea dau helburu 2012 urtetik martxan dan katedra honek. Chicagoko unibersidadeko Division of Humanities-en barruan dago, eta ikasturtero entzute handiko euskal irakasleren bat joaten da bertara University of Chicago-n euskal ikasketa humanistikoakaz zerikusia daben eskola, mintegi edota berbaldiak emotera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!