Europako Korrikak, bat eginda

Bizkaie! 2018-05-07 11:19   Euskerea berbagai

Hizkuntza gitxituen aldeko lasterketen sarea sortu dabe, Eurokorrika.

Euskerearen eta beste hizkuntza batzuen ordezkariak, Kemper-en (argazkia: Korrika) | Ikusi handiago | Argazki originala

AEK-k antolatutako Korrika aitzindari eta eredu izan da Europako beste hizkuntza txiki askoren aldeko ekintzaileentzat. Era horretara, azkenaldion Korrikaren antzeko ekimenak loratu dira Katalunian, Bretainian, Galesen, Irlandan, Okzitanian eta beste leku batzuetan. Horreetako batzuek bat egin, eta Eurokorrika sarea eratu dabe. Ganera, euren ikuspegia gizarteratzeko, Kemper-eko Adierazpena sinatu dabe.

AEK-ren eta Korrikaren izenean, Mertxe Mujika, Jakes Bortairu eta Asier Amondo egon dira Bretainiako Kemper urian egunotan. Izan be, bretainieraren aldeko Ar Redadeg egiten dabiz orain. Korrika eta Ar Redadeg ez eze, Europako beste lasterketa batzuk be sartu dira Eurokorrika sarean.

Kemper-eko adierazpenaren sinatzaileen zerrendea hau da:

Korrika (euskerea) Euskal Herria.
Correlingua (galiziera) Galizia.
Correllengua (katalana) Katalunia.
Course Lingua (okzitaniera) Aran Harana.
La Pasem (okzitaniera) Biarno.
Redadeg (bretainiera) Bretainia.
Ras yr Iaith (galesa) Gales.
Rith (irlandera) Irlanda.
Sprochrenner (alemaniera) Alsazia.

Adierazpenean gogoan hartzen dabe Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalak eta Europako Oinarrizko Eskubideak babesteko hitzarmenak hizkuntza guztiak aintzat hartzen dituala, bereizketa barik. Horretan oinarrituta, hizkuntza gitxituetako gizarte zibilak egindako ahalegina txalotzen dabe, euren hizkuntzea hurrengo belaunaldiei modu jasangarrian pasetako.

Korrika eredu hartuta, Europako hizkuntza-komunidade guztiei dei egiten deutsie antzeko ekimenak martxan jarri deiezan eta euren aberastasun linguistikoa zabaldu deien. Holan eregiko dabe Europa demokratiko eta solidarioa, herrien, kulturen eta hizkuntzen Europa.

Eurokorrika sarea erabiliko dabe alkarren arteko hartu-emonak estutu, ekintzak sustatu, proiektu barrietan lagundu eta alkarregaz herri-ekitaldiak antolatzeko, euren hizkuntzei jagoken balioa emoteko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu