Iñaki Ziarrusta: ‘Ez dot emakumeen banderea hartu gura, niretzat terapia egiteko modua da’

Ainhoa Lores 2018-05-07 08:00   Barriketan

Antzerkigilea, ATX Teatroa konpainiaren sortzailea eta Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa antzezlanaren sortzailea.

Tomiris. Mendeku zilegi baten istorioa da Atx Teatroak estreinau barri dauen azken lana. Iñaki Ziarrustak sortu dau obrea eta bera da protagonistearen azalean jarriko dana taula ganean. Antzerkigile bilbotarrak indarkeria matxistea hartu dau abiapuntutzat mendekua zilegi dan edo ez erakusteko. Istorioak berez oinarri biografikoa dau, baina hortik harago dagoan guztia fikzinoa dala nabarmendu dau Ziarrustak.

 

1.- Dagoeneko Gasteizko Baratza aretoan estreinau dozue obrea. Zelan joan zan?

Estreinaldiak orokorrean ez dira izaten ez onak ezta gozoak be. Atx Teatroak ikuskizun mueta bi daukaz, handiak eta Tomiris-en modukoak, hau da, formatu txikikoak. Kasu honetan, ikuskizuna atontzeko ez dago zuzendaritzarik ezta kanpo begiradarik be. Sortzaileak sortzen dau bere bakardadean eta estreinau arte ez dau beste inork ikusten, ezta Atx Teatroko beste lankideek be. Niretzat inportantea zan oinarri on bat aurkeztea, eta gero publikoaren eta profesionalen komentarioakaz aldatu, zizelkatu eta hobetu. Horretan gagoz. Oinarri ona aurkeztu zan, funtzionau eban eta orain aldaketa eta hobekuntza txikiak sartzeko momentua da.

 

2.- Txikia zinanean hurretik ezagutu zenduan indarkeria matxistea. Zerk eroan zaitu orain gaia azaleratzera?

Antzezlan baterako ideak, batez be, amorrutik eta inpotentziatik etorten jataz. Aspaldian neban gertakizun hareekaz zeozer egiteko asmoa, baina kontu personala zirala eta, ez nintzan gauzatzera ausartzen. Azken urteotan, sensibilizazino kanpaina eraginkorrak egin dira, batez be, mobimendu feministeari esker. Horregaitik, indarkeria matxistearen eta patriarkaduaren gehiegikerien ganeko albisteak edonon eta eten barik jasoten doguz. Ondorioz, nire amorrua eta nire inpotentzia be handitzen joan dira eta lehergailu honek ikuskizun moduan egin dau eztandea.

 

3.- Gatx egin jatzu holako gai bat lantzea? Zelan sentidu zara?

Berez, gai nagusia ez da indarkeria matxistea, mendekua zilegia izan daiken edo ez erakustea baino. Ez neuke jakingo indarkeria matxistearen ganeko antzezlan bat zelan sortu. Indarkeria matxistea abiapuntua da eta istorio osoan zehar euskarri moduan erabilten dan gaia.

Atx Teatroaren beste ikuskizun batzuetan be, idea hori azalera urten izan da. Animaliak garen neurrian, geure burua defendiduteko azken errekursoa biolentzia erabiltea da, azken bidea, muturrekoa bai, baina bizitzearen eta heriotzearen artean diferentzia zehazten dauena be bai.

Batzuek dinoe apologia dala, agian arrazoia dabe, baina gizakiaren historiak horixe erakutsi deust, justizia lortzeko, bide politikoa ez da nahikoa. Gai honetan oso eroso nago, badakit zer eta zelan kontau gura dodan.

 

4.- Gizona izanda, gai honi buruz berba egiteko eskubiderik ez zenduala esan izan dozu...

Hasiera baten, gai hori ezin nebala aitatu pentsau neban, gizonezkoa nazen aldetik, ni neu nazelako arazoaren parte bat, baina egia esan, nire bizitzearen ganean egiten dot berba, nik neuk bizi izandako pasarte batzuk dira abiapuntua, nire benetako bizitzea, nire errealidadea, Iñaki Ziarrustarena, ez personaiarena, eta zintzotasun ariketa bat egiten saiatu naz. Mendeku baten istorioa da, ez dot nik emakumeen banderea hartu gura, ez da jarrera paternalistea, niretzat terapia egiteko modua da, nire osasunerako antzerkia.

 

5.- Era berean, obrea gizonei zuzenduta dagoala dinozu. Zergaitik?

Estreinau nebanean, publikoagaz berba egin ostean, antzezlanean aitatutako kontu guztiak emakumeek ederto asko ezagutzen zituela konturatu nintzan. Baina nik uste dot, anekdota pare bi dagozala gizonezko batzuei begiak zabalduarazoko deutsiezanak, beti be, horretarako prest badagoz, jakina. Jarrerak aldatu behar doguzanok geu gara, gizonok, Tomiris emakumeentzat antzerki dokumentala izan leike, gizonentzat, barriz, hausnarketarako antzerkia izan beharko leuke.

 

6.- Antzerkirako istorio erreal honetan, fikzinorako lekurik dago?

Bai, asko. Ehuneko 80 fikzinoa da. Personaiak txikitan bizi izandako pasarteak dira erreala dan bakarra, neuri gertatutakoak, beste guztia teatroa da.

 

7.- Zegaz egingo dau topo ikusleak?

Gizonezko batek mendeku baten istorioa kontetan dau. Istorioa gordina izango da hainbat momentutan, tensino deseroso apur bategaz, oso bisuala aktorearen fisikotasunagaitik eta momentu txikiren baten, akaso, ikusleari irribarre txiker baten bat agertu ahal jako. Adimenetatik ez eze, erraietatik be harrapatzen zaituan antzerkia.

 

8.- Ze tonutan kontetan dozu istorioa?

Nahiko tonu serioan, zinismo puntu bategaz eta ostia txarrean, oso.

 

9.- Zelakoa da obrako protagonistea eta zer dau buruan?

Nahiko personaia arrunta da. Zentzuduna, behargin fin eta milimetrikoa, burugogorra akaso, eta anti-sistemea. Buruan daukan gauza bakarra mendekua da.

 

10.- Zer da bilatzen dauena?

Umezaroan jasotako mina ateratzea, amesgaizto gehiagorik ez izatea, urtenbidea topetea.

 

11.- Eta zuk obra honegaz?

Nire aldarri gorra lau haizetara zabaldutea, horren gorra edo ez izateko esperantzeagaz. Gu holan sentiduten gara.

 

12.- Zergaitik aukeratu dozu Tomiris izena?

Arrazoi bigaitik: Tomiris, Masagetiarren erregina izan zan K.a. VI. mendean. Masagetiarrak Eszitiarren herrialdekoak ziran, Asiaren erdialdekoak. Lehenengo arrazoia emakumearen ahalduntzea da. Herri harek, gaur egun hainbat lekutan jazoten ez dan moduan, emakumeak estima onean eukazan. Euren berbek gizonezkoen beste balioa eukien, hortaz, erreginak gizon bategaz egon ahal ziran ezelango ezkontza loturarik izan barik. Horixe zan Tomirisen kasua.

Bigarren arrazoia da Tomirisen ganeko kontakizun ezagunena mendeku baten istorioa dala. Herodoto historialari greziarrak idatzia. Persiako erregeak, Ciro Handiak, beragaz ezkondu gura eban, baina Tomirisek ezezkoa emon eutsan. Orduan, Ciro Handiak Masagetiarren herriari eraso egin eutsan eta printzea bahitu. Tomirisek mendekua hartu eban: Persiako armadea suntsitu eta Ciro Handia akabau egin eban.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu