'Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII' liburua, barriro kalean
2018-05-04 08:40 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak berrargitaratu dau Juan Madariagaren ikerlan zabala.
Juan Madariaga Nafarroako Unibersidade Publikoko irakasleak 2014an plazaratu eban Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII liburua, Olaso Dorrea Fundazinoaren eskutik, 1600etik 1800era euskal gizartea zelakoa zan eta euskereak bertan eukan lekua agertzen dauen ikerlana. Argitaratu eta gitxira agortu zan, baina. Orain, barriz, Euskaltzaindiak beste argitaraldi bat egitea erabagi dau eta liburua salgai dago webgunearen bidez.
Madariagak Euskal Herri osoa aintzat hartu dau azterlan hau egiteko orduan. Hizkuntzearen ikuspuntutik egindako ikerketa sozio-historikoa da Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII, hamahiru ataletan banatuta.
Lehenik eta behin, azterlana egiteko erabili dituan iturriak zehazten ditu autoreak eta, ondoren, hamar interesgune nagusiren bidez jorratzen dau euskerearen pisua antxinako Euskal Herrian: Instituzinoetan, eleizan, hezkuntzan eta abar.
Ondorioak ateratzeko, hiru pausutan banatu dau bere lana Madariagak. Batetik, euskereagaz loturea daben aitamen interesgrriak batu ditu; bigarrenik, euskeraz dagozan iturriak; eta hirugarrenik, iturri horreetan euskerearen inguruan dagoan informazinoa aztertu dau. Era horretara, XVII. eta XVIII. mendeetan gizartearen alor bakotxean hizkuntzearen egoerea zein zan zehaztu ahal izan dau.
Euskerearen historia soziala da, funtsean, liburuan agertzen dana. Datuak bere horretan emoteaz gan, Juan Madariagak orduko gizartean euskereak eukan funtzinoa ondorioztatu dau, bai alde praktikotik, baita sinbolikotik be. Azken kapituluetan, ganera, sasoi haretan euskerearen zabalkundea eta datu demografiko zehatzak aurkeztu ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!