Euskera eta euskal kultura irakaslea behar dabe Bordelen

Bizkaie! 2018-05-04 08:16   Euskaldunak munduan

Euskal Etxerako eta Montaigne Unibersidaderako da lanpostua, 2018-19 ikasturtean.

Argazkia: Euskal Kultura | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerea eta euskal kulturea erakutsiko dituan irakaslea aukeratzeko hautagai bila dabiz Bordelen, Euskal Kultura atariak jakitera emon dauenez. Datorren ikasturtean bederatzi hilez lan egingo dau irakasle horrek, bai Euskal Etxean, baita Montaigne Unibersidadean be. Hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 20ra artekoa da.

Zehatz esanda, astelehenetik barikurako lana izango da, goizez unibersidadean eta arratsaldez Euskal Etxean. Zortzi ikasle-talderen ardurea izango dau, baita Boga urruneko plataforman izena emon dabenena be.

Euskeraz ondo jakiteaz eta euskal kulturea ezagutzeaz gan, ez dago derrigorrezko baldintza askorik hautagai izateko. Hori bai, Euskal Etxeko kideek kontuan hartuko dabe irakaskuntzan izandako esperientzia eta frantsesez berba egitea. Informazino gehiagorako idatzi gaueskola@euskaletxea.org helbidera.

Bordeleko Euskal Etxea, 1947an sortua, uriaren erdigunean dago eta alkarte bi hartzen ditu bere barruan: Eskualdunen Biltzarra (Bordeleko euskaldunen alkartea) eta EGIA (Bordelera ikasten joan diranena). Euskereagaz, euskal kultureagaz eta Euskal Herriagaz lotutako jarduera ugari antolatzen ditue: Tailerrak, jaiak, ibilaldiak, ikastaroak... euskerea ume zein helduei erakusten deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu