Bilboko Portuan euskerearen erabilerea bultzatuko dabe
2018-05-03 12:44 Euskerea berbagaiEusko Jaurlaritzeak eta Bilboko Portu Agintaritzeak sinatu dabe akordioa.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Bilboko Portu Agintaritzako presidente Asier Atutxak sinatu dabe gaur akordioa. Euskerearen erabilerea eremu sozioekonomikoan bultzatzea da legegintzaldi honetan planteau dogun erronketako bat, adierazo dau sailburuak.
Atutxak, bere aldetik, apustu honen garrantzia azpimarratu nahi izan dau: Bilboko Portu Agintaritzearen moduko enpresa publiko baten erantzunkizun sozialak lehentasunezko oinarri izan behar dau bere jarduna eta hartu-emonak gizartean murgiltzeko, gizarteari emoten deutsolako zerbitzua, eta herritarren eskubideak errespetau behar ditu horretarako. Holan, hitzarmen hau gure plan estrategiko barriaren ardatz nagusietako baten ekintzen barruan kokatzen da. Euskerearen erabilerea indartzea da estrategia horren helburuetako bat, legea betetetik harago gizartearen itxaropenei erantzuteko eta portu gardenagoa, edegiagoa eta irisgarriagoa izatea lortzeko, gure hizkuntzearen eta gure kulturearen alde jardungo dauena. Azkenik, adierazo dauenez, Portu Agintaritzan bertan jarri da abian euskerea erabilteko plan bat, helburu bigaz: bere erabilerea bultzatzea komunikazino-hizkuntza moduan bertan diharduen profesionalen artean, eta horreek trebatzea euskerearen erabilerea bultzatzeko bezeroakaz eta erabiltzaileakaz dituen lan hartu-emonetan.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen bitartez, berbea emon dau, ahal dauen neurrian, konpromiso horreek beteten lagunduko dauela, Bilboko Portu Agintaritzeak holan eskatzen dauenean: Aholkua emongo dau euskerearen erabilerearen normalizazinoa kudeatzeari jagokonez. Aholkularitza hori juridikoa nahiz teknikoa izango da.
Beste alde batetik, bitartekari lana be egingo dau beste Administrazino Publiko batzuekaz lan hartu-emonetan euskerearen erabilerea areagotzeko izango diran ahaleginetan laguntzeko eta ahalegin horreek sustatzeko. Amaitzeko, bere sustapen-kanpainetan sartuko dau Bilboko Portu Agintaritzea.
Oraingoz, akordioak ez dau ezelako diru-hornidurarik barruan hartzen, bide barri bat edegi da, ostera, erakunde bien arteko alkarrizketarako eta etorkizuneko proiektuetan alkarlanean ibilteko. Alde biek nabarmendu dabe gaur alderdi hori, eta apustu egin dabe akordio honetan sinatutako konpromisoak epe laburrean gauzatzearen alde.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!