Kurt Diemberger-i emongo deutsie IAMF-ren sari nagusia, Bilbon
2018-05-03 08:48 ZinemeaAbenduko Mendi Film Festival erabiliko dabe nazinoarteko sari hori emoteko.
IAMF Mendiko Zinemaldien Nazinoarteko Alkarteak urteroko sari nagusia emongo deutso Kurt Diemberger alpinista eta zinemagile austriarrari. Trenton egindako batzarrean jakitera emon dabenez, Bilbon izango da saria emoteko ekitaldia, abenduan, Mendi Film Festival jaialdiaren barruan. Hortaz, alpinismoa zinemagintzeagaz buztartzearen aitzindarietako bat Bilbon izango da, merezidutako omenaldia jsoten.
Trenton IAMF-k egindako batzarrean, Roberto de Martin Trento Film Festivaleko zuzendariak eta Jabier Baraiazarra IAMF-ko presidenteak parte hartu dabe. Azken hori Bilboko Mendi Film Festivaleko zuzendaria be bada. Kurt Diemberger-egaz berba egin eta aurtengo saritu nagusia bera izango dala jakitera emon dabe.
Kurt Diemberger (Austria, 1932) digitalizazinoaren aurreko maisu handietako bat da mendiko zinemagintzan, eta alpinismoan sekulako ibilbidea egin dau: Broad Peak (1957) eta Dhaulagiri (1960) igoten lehenengoak izan ziran taldeetako kide izan zan, eta Makalu (1978), Everest (1978), Gasherbrum II (1979), eta K2 (1986) zortzimilakoak be eginak ditu. Zortzimilakoetako kameralaria goitizenez ezagutzen dabe. Filmografia oparoa dauka, mendiko zinemagintzan erreferentziazko lan asko, gailurrei eta mendi igoerei buruzkoak, esplorazino eta abenturen ingurukoak, zein erreportaje etno-antropologikoak. Idatzi be egin dau mendiko gaien inguruan.
Ganera, IAMF-ren batzar nagusia be Bilbon egingo dala adostu dabe. Bost kontinente eta 18 herrialde ordezkatzen dituen 23 mendi zinemaldik eta Torinoko Musseo Nazionale della Montagnak osotzen dabe IAMF. Tartean dago Bilbao Mendi Film Festival.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!