Santutxuko 'Udabarriko Bertso Saioak' zapatu honetan hasiko dira

Bizkaie! 2018-05-02 10:53   Bertsolaritzea

Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Etxahun Lekue bertsolarien emonaldia izango da.

Santutxuko Bertso Eskoleak eta Bilboko Udaleko Kulturea Sailak alkarregaz antolatzen daben bertsolaritzearen inguruko ohiko programeak 34. edizinoa dau aurtengoa. Bizkaiko uriburuan euskal kulturea eta hizkuntzea sustatu eta euskaltzaleen arteko topaleku izateko asmoagaz dator. Aldi berean, Santutxuko Bertso Eskola beteranoak Bilbon egiten dauen lana goraipatu nahi dabe.

Guztira, hiru hitzordu izango dira Karmelo Plazan: maiatzaren 5ean, 12an eta 19an, danak zapatuan eta eguerdiko 13:00etan. Hilaren 25ean, barriz, bertso-poteoak emongo deutso amaierea ekimenari, arrastiko 20:00etatik aurrera.

Lehenengo emonaldian, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina, Oihana Bartra eta Etxahun Lekue bertsolariak igongo dira oholtzara.

Bigarrenean, Andoni Egaña, Jone Uria, Igor Elortza eta Amets Arzallus egongo dira. Karmelo plazan eskainiko dan hirugarren saioan, barriz, Uxue Alberdi, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi eta Ibon Ajuria. Ohikoa danez, saio guztietan Santutxuko Bertso Eskolako kideak izango dira gai-jartzaileak.

Egitaraua maiatzaren 25ean, eguenean, amaituko da, bertso-poteoagaz, arrastiko 20:00etatik 23:00etara izango da eta Santutxu auzoko hainbat astialdi gunetatik pasauko da: Kuluxka, Dacca, Aintzi, Baztertxu eta Mahats Berri tabernetatik hain zuzen be. Bertso-poteoan Onintza Enbeitak, Nerea Ibarzabalek eta Arkaitz Estiballesek osotutako hirukotearen bertsoak entzuteko aukerea izango dabe bertara hurreratzen diranek.

Arduradunek azpimarratu nahi izan dabe emakumeek egitarau honetan daben presentzia esanguratsua: Bertsolaritzearen panoraman % 15 inguru badira, Udabarriko Bertso Saioak egitarauan presentzia hori % 50era joan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu