Bilbao Sax Quartet-ek 'Musikea dibertigarria da' zikloa edegiko dau

Bizkaie! 2018-05-02 10:20   Musikea

Egitarauak hil honetako barikuetan edade guztiei zuzendutako kontzertu didaktikoak jasoko ditu Bertendona Institutuan.

Bilboko Udalak Musikea dibertigarria da programearen beste edizino bat jarriko dau martxan bariku honetan, maiatzaren 4an. Ekimen berezi honen helburua uriko biztanleen artean, batez be, musika klasikorako zaletasuna biztutea da.

Hil honetako bariku guztietan, Bertendona Institutuak edade guztiei zuzendutako kontzertu didaktikoak jasoko ditu. Emonaldi horreetan musika klasikoa eta modernoa, musika afrikar-kubatarra eta Charlot mitikoaren filmetako soinu bandak entzun ahal izango dira.

Aurten hamaikagarren edizinoa dau egitasmoak eta entzuleak zuzeneko musikara hurreratu nahi ditu, musika horren ezagutzea eta gozamena bultzatuz eta ikus-entzule barriak erakarriz. Programazino didaktikoa beraz, bariku honetan hasiko da, Bilboko Bilbo Sax Quartet taldearen emonaldiagaz. Talde bilbotarra osotuten dabenak honeek dira: Nerea Uzquiaga saxo sopranoa; Ángel Fernández saxo altua; Josep Viçente Ripoll saxo tenorea eta Ricardo Sámano saxo baritonoa.

Bidaia XX. mendetik musikearen bitartez izenburuagaz, jazz soinuak eta pieza ezagunak buztartuko ditue,  baita klasiko herrikoi batzuk be.

Bigarren kontzertu didaktikoan, barriz, hilaren 11koan, Johannes Brahms izango da protagonistea. José Manuel Cachok biolinean, Víctor Jiménez pianoan eta Naroa Intxaustiren ahotsak (sopranoa) osotuten daben Impromptu hirukoteak konposatzaile eta piano jotzaile alemanaren, erromantizismoko garrantzitsuenetakoaren, piezak eskainiko ditu. Kontzertura hurreratzen diranak, haren sasoian sano polemikoa izan zan Brahmsen figurara hurreratzeko eta bere lan garrantzitsuenak entzuteko aukerea izango dabe.

Musikea dibertigarria da zikloaren edizino honen proposamen bitxienetakoa Albericola taldearena izango da, maiatzaren 18an. Albericola Ledian Molaren proiektu personala da, hainbat estilotako musikariak batzen dituan taldea. Musikari bakotxak zintzotasunez egiten dau ekarpena. Afrika iparraldeko Yoruba, Abakua eta Ñáñigo kulturen, jazzaren eta musika garaikidearen eragina dauen Albericolak, musika afrikar-kubatarraren konekzinoa modu personalean adierazotea bilatzen dau.

Programearen aurtengo edizinoa maiatzaren 25ean amaituko da, Proyecto DaLaNotaren proposamenagaz: Charlie Chaplinen mundu muturako musikea izenburupean, lau musikarik edade guztiei zuzendutako kontzertua eskainiko dabe, Charlot-en pelikulen zatiak erabiliz, soinu efektuez eta antxinako melodia ezagunez lagundutako istorio ederra sortuz.

Kontzertu didaktiko guztiak arrastiko 19:30ean hasiko dira, eta sarrera librea izango dabe aretoko leku guztiak bete arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu