Txistulari Bandeak amaiera itzela emongo deutso Aste Nagusiari

Bizkaie! 2025-08-20 09:45   Musikea

Domekan, hilak 24, 13:00etan.

Betiko lez, Txistularien Alardea, Aste Nagusiko musika hitzordu parebako eta handienetako bat bihurtu da. Bilboko Jaietako Unidadeak eta Udal Txistulari Bandeak atonduta, Aste Nagusiko azken domekan izango da txistularien kontzertu nagusia Plaza Barrian, abuztuak 24, 13:00etatik aurrera.

Euskal Herri osotik eta, batez bez, Bizkaitik etorritako txistulariek hartuko dabe parte domekako alardean: halanda ze, 80 bat txistulari izango dira. Horreekaz batera, San Antón Abesbatza, Oinkari Dantza Taldea, metal boskotea, Ander Zulaika bateristea, Imanol Iribarren pianistea, Amaiur Cajaraville bajistea eta Iñigo Eskubi gistarristea izango dira. Guztiak, Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren esanetara.

Kontzerturako musika moldaketak egiteaz hainbat musikagile arduratuko dira, esaterako: Xabier Zabala, Peio Irigoien eta Iñaki Urkizu. Gainera, kontzerturako sortutako hainbat pieza eskainiko dira, Koldo Uriarte eta Xabier Zabalaren eskutik.

Aurton, konbidadu berezia Julen Alonso trikitilari gaztea da eta Uxue Kerejeta izango dau alboan.

Txistularien Alardea, Aste Nagusiko ikuskizunik jentetsu eta herrikoienetako bat da Bizkaiko Txistularien Alkarteko Bilboko Ordezkaritzeak Arenalean atontzen eban garaitik.

2005. urteaz geroztik, Bilboko Udal Txistularien Bandea da ikuskizun horren arduraduna, eta hainbat artistak parte hartu dabe, esaterako: Kepa Junkerak, Los Cinco Bilbaínosek, Imanol Urkizuk, Gozategik, Zigor Sagarnak, Niko Etxartek, Gorka Sarriegik, Korrontzik, Xabier Solanok eta Alex Sarduik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu