Bilboko Udal Musika Bandea eta Sorotan Bele, alkarlanean Aste Nagusian
2025-08-05 09:16 MusikeaGainera, Bilboko Udal Musika Bandeak 11 kontzertu eskainiko ditu.

Bilboko Udal Musika Bandeak 11 kontzertu eskainiko ditu guztira Aste Nagusian, horreetako bat Sorotan Bele taldeagaz alkarlanean Abandoibarran. Tradizinoari eutsiz, Bilboko taldeak 8 kontzertuko zikloa eskainiko dau abuztuaren 17tik 24ra Arenaleko Kioskoan, egunero, 12:00etan hasita. Uriko gune enblematiko horretan, Bandeak giro paregabakoa sortuko dau: pasodobleak, zarzuelak, klasikoak eta txistulari, gaita-jotzaile zein dantzariekaz egindako kolaborazino bereziak izango dira protagonista.
José R. Pascual Vilaplana (abuztuaren 17an), Iñaki Urkizu zuzendariordea (abuztuaren 20tik 24ra) eta Juan José Ocón zuzendari konbidadua (abuztuaren 18an eta 19an) izango dira Kioskoan taldea gidatuko dabenak. Horreen zuzendaritzapean, musika anitz eta biziak hartuko dau Arenaleko guneak: euskal jantzak, zarzuelea, doinulatinoamerikarrak eta bertoko konposizinoak buztartuko dira, Bilboko kultur aberastasuna eta munduagaz dauen loturea agerian itxiz.
Abuztuaren 20an, eguaztena, Bilboko Udal Txistulari Bandea eta Olaeta Ballet konpainia izango ditu lagun talde bilbotarrak. Barikuan, abuztuaren 22an, barriz, Elciegoko Gaiteroegaz alkarlanean ibiliko dira.
Bilboko Udal Musika Bandeak hiru kontzertu berezi eskainiko ditu Aste Nagusian. Batetik, abuztuaren 15ean, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, Juan XIII Plazan, Begoñako Basilikaren ondoan, kontzertu hunkigarria eskainiko da, Amatxuri autortzea eginez zortziko eta melodia herrikoi tradizionalekaz.
Hurrengo egunean, abuztuaren 16an, 23:30etan, Memoria sonora de raíz izeneko ikuskizunak emongo deutso hasierea Plaza Berrian egingo dan kontzertu-zikloari. Jose R. Pascual-Vilaplanak hartuko dau batutea eta Abraham Cupeirogazn batera, munduko paisaje soinudunetan barruan bidaia sentsorial eta berezia proponiduko dabe, Cupeiroren musika-tresna zahar eta bitxien bidez.
Abuztuaren 19an, martitzena, Bandeak barriz joko dau Abandoibarrako agertokian, 23:30ean, Sorotan Bele taldeagaz batera. Folk eta rock doinuekaz girotutako kontzertua izango da, emozinoz eta euskal izaeraz betetakoa.
Jai egitarauari amaierea emoteko, abuztuaren 24an, domeka, Bilboko Udal Txistulari Bandearen ohiko Txistulari Alardean be parte hartuko dau, 13:00etatik aurrera Plaza Barrian eskainiko dan kontzertuan; Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren zuzendaritzapean, Euskal Herritik eta, batez be, Bizkaitik etorritako 80 txistulari inguruk parte hartuko dabe, eta horreekaz batera, metak boskote bat, San Antón abesbatza, Imanol Iribarren (pianoa), Íñigo Eskubi (guitarra), Amaiur Cajaraville (baxua), Ander Zulaika (bateria) eta Oinkari Jantza Taldea. Aurton, Julen Alonso eta Uxue Kerejeta izango dira konbidadu bereziak.
Programazinoa
- Kontzertu guztiak goizeko 12:00etan izango dira Areatzako kioskoan.
- Abuztuaren 17a, domeka: Jantzearen erritmoan.
- Abuztuaren 18a, astelehena: Atxuritik Areatzara. Aida, El Caserío edo West Side Story lako klasikoen kontzertua, euskal musikea, zarzuelea eta musikal ezagunak buztartuz.
- Abuztuaren 19a, martitzena: Zarzuelea, samba eta folk doinuko kontzertu arin eta bizia.
- Abuztuaren 20a, eguaztena: Erromeria (Ballets Olaeta eta Bilboko Udal Txistulari Bandea).
- Abuztuaren 21a, eguena: Iberoamerikako haizeak.
- Abuztuaren 22a, barikua: Euskal Giroko Jaialdia, Irundik Ribaforadara (Elciegoko Gaiteroak).
- Abuztuaren 23a, zapatua: Euskal Herriko Jaiak.
- Abuztuaren 24a, domeka: Bilboko Konpositoreak.
- Bereziak:
- Abuztuaren 15a, barikua: 11:30ean, kontzertua Juan XXIII plazan, Begoñako Basilikearen ondoan.
- Abuztuaren 16a, zapatua: 23:30ean, Erroetatik sortutako oroimena Plaza Barrian.
- Abuztuaren 19a, martitzena: 23:30ean, Sorotan Bele taldeagaz kontzertua Abandoibarran.
- Abuztuaren 24a, domeka: 13:00etan, Txistularien Alardea Plaza Barrian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!