EHU Orkestra Sinfonikoak lehen kontzertua eskainiko dau bihar

Bizkaie! 2018-05-02 09:44   Musikea

Emonaldia arrastiko 19:30ean izango da Bilboko Bizkaia Aretoan.

EHU orkestra Sinfonikoaren historian biharko eguna, maiatzak 3, sano esanguratsua izango dala dinoe arduradunek, izan be, euren lehen kontzertua eskainiko dabe Bilboko Bizkaia Aretoko Mitxelena aretoan. Ia urte bi dira EHUk bere orkestra propioa sortzea planteau ebanetik eta urte eta erdi pasau da 2016ko zezeilean orkestreak bere ibilbideko lehenengo entsegua egin ebanetik. Ordutik hona, Leioako Areto Nagusian batzen da eguenetan, 17:00etatik 20:00etara, taldearen armonia lortu eta haren errepertorioa lantzeko asmoz.

Orkestra honetako kideak dira, egun, 41 instrumentista. Estadu mailan dagozan 24 unibersidade orkestretako barriena da. Doru Artenie da zuzendaria, Errumaniako biola jotzailea, Juan Crisóstomo de Arriaga Musika Konserbatorioko irakaslea eta Bilbao Orkestra Sinfonikoko kide ohia:

 

Tresna honeek dira EHUren lehen orkestra proiektuan parte hartzen dabenak: 12 biolin, 7 biola, 2 biolontxelo, 2 kontrabaxu, 4 txirula, 2 oboe, 3 klarinete, 2 fagot, 2 tronpa, 2 tronpeta, tronboi 1 eta 2 perkusino-jotzaile.  Orkestrea unibersidadearen hiru campusetako egungo ikasle, ikasle ohi, administrazino eta zerbitzuetako langile eta irakasleek osoturik dago.

EHU Orkestra Sinfonikoa EAEn osotuten dan lehenengo unibersidade-orkestra sinfonikoa da. Taldea eratzeko hautaketa prozesu bi izan ziran, entzunaldi txiki batzuk atondurik. Artenie zuzendariak adierazo dauenez: Lehen askotariko mailak egozan, baina orain, taldean eta bakarka lan handia egin ondoren, uste dot nahiko talde homogeneoa osotu dogula. Orkestra honetako musikariek buru-belarri dabiz lanean, horreetako batzuk sekulako ahaleginak egiten dabiz.

Unibersidadean sortutako orkestra amateurra danez, hainbat berezitasun ditu, oso talde aldakorragaz egin behar dogu lan, batzuk denporaldi laburrerako dagoz, master, doktorego tesi edo ikerketa bat amaitzeko; beste batzuek, barriz, orduei jagokenez, seihileko batetik bestera ez dabe lehen beste astirik irakasgaien aldaketeagaz. Horregaitik, malgua izan behar da lan egin, errepertorioa aukeratu eta datak ezartzerakoan. Hasieratik izan dot argi lan artistikoa ez eze, hezkuntza eta pedagogia lana be egin behar dodala. Arteniek autortu dau, saiatu dala errepertorioa moldatzen orkestrearen mailara eta konposizinora, beti be unean uneko tresna taldeak kontuan hartuta eta musika kalidadeari eutsita. Musikearen historiako ia hiru mendetako estilo eta korrente bakotxeko obra esanguratsuak aukeratu ditu.

Honeek dira lehen kontzertuko programea osotuten daben obrak: G.F. Haendel-en Sarabande, L. Van Beethoven-en Obertura Coriolano, Op. 62; J. Haydn-en Sinfonía Sorpresa; F. Shubert-en Sinfonía Inconclusa, P. Mascagni-ren Intermezzo de la Cavalleria Rusticana, M. Ravel-en Pavana para una Infanta Difunta eta B. Bartok-en Danzas Rumanas.

Obrak ez dagoz errepertorioan halabeharrez, erespide zorrotz batzuei jarraituta aukeratutakoak diralako.

EHU Orkestra Sinfonikoa irabazi asmorik bako alkarte pribadu moduan sortu da eta musika sinfonikoaren bidez unibersidadearen eta euskal gizartearen artean kulturEa komuniketako bitartekoa izatea dau helburu, baita alkarteko kideen artean musika prestakuntzea eta ikerketea sustatzea be. EHUko Orkestra Sinfonikoa alkarte edegia da eta bertan parte hartu leikie bai unibersidadeko kideek bai proiektuan lagundu nahi daben unibersidadetik kanpokoek be. Egun, European Network of University Orchestras eta Sinergia. Red de Orquestas Universitarias Españolas alkarteetako kidea da.

Euren lehenengo kontzertua beraz, bihar eskainiko dabe arrastiko 19:30ean, Bizkaia Aretoko Mitxelena entzunaretoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu