Lankidetza hitzarmena sinatu dabe EITBk eta Euskaltzaindiak
2018-04-27 12:17 Euskerea berbagaiAkademiaren mendeurreneko ekitaldia eta saio bereziak eskainiko ditu Euskal Irrati Telebistak.
Euskaltzaindiak 2018an eta 2019an ospatuko dauen mendeurreneko ekitaldiakaz lotuta, lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur, Bilbon, Maite Iturbe EiTBren zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Alde biak pozik agertu dira euskal akademiaren lan handia gizarteratzeko eta ibilbidea balioesteko balio dauen itun honegaz.
Mendeurrenaren harira, Euskaltzaindiak egitarau zabala osotu dau, eta ekitaldi instituzionalak, nazinoarteko jardunaldi akademikoak, ekintza artistiko-kulturalak eta bestelako ekintza batzuk aurreikusi ditu. 2018ko irailean hasi eta 2019ko urria bitartean izango dira egitasmo guzti honeek.
Gaur sinatutako hitzarmenaren arabera, Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekintzen sustapena eta publizidadea egingo dau EiTBk. Era berean, Euskaltzaindiak egingo dituan ekitaldi eta jardueren barri emongo da telebistan, irratian eta Interneten. Horrezaz gan, akademiaren mendeurrenaren ganean dokumental luze bat eta hainbat ataletako programea landuko dira. Zuen laguntzino, erespide, eta orientazinoagaz, programea eta dokumental txukuna egiteko konpromisoa hartzen dau ETBk, azaldu dau Iturbek.
EITBren zuzendari nagusiak azaldu dau Euskal Irrati Telebistak hurretik jarraituko dituala Euskaltzaindiaren mendeurreneko ekitaldiak: Euskaltzaindiaren urte honeetako lana behar beharrezkoa izan da euskerearen normalizazinoan eta, oro har, euskal gizartearen eraikuntzan. EiTBk bide lagun dau Euskaltzaindia bere eguneroko jardunean, gure hedabideetan kalidadezko euskerea estandarra erabili eta bultzatzen laguntzen deuskulako.
Euskaltzainburua be pozik agertu da sinatutako akordioagaz: Hitzarmen honek berebiziko garrantzia dau. EiTB erakunde estrategikoa da euskalgintzan eta euskal gizartea hazur-mamitzeko tresna ezinbestekoa. Beste horrenbeste esan leiteke Euskaltzaindiaren ganean. Holan, aspaldikoa da erakunde bien arteko hartu-emona eta alkarlana.
Euskaltzaindiaren mendeurrenak, erakundea gizartera hurreratu eta bere ibilbidea nabarmentzeaz ganera, beste helburu nagusi bi ditu. Batetik, Euskaltzaindiak Iker eta Jagon Sailetan etorkizunerako dituan asmoak eta ildo estrategikoak gizarteratzea eta, bestetik, ildo estrategikoen inguruabarrean, Euskaltzaindiaren aitzindaritzea tarteko dala, euskerea eta euskal kulturearen inguruan gizarte zibila egituratzea, eta askotariko eragile publiko eta pribaduen artean lankidetzarako oinarriak proponidutea. Helburu nagusia da gizarte zibiletik euskerearen bizibarritzeari bultzada barri bat emotea, datozen hamarkada bietarako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!