Azpeitira helduko da Bertso Derbia barikuan
2018-04-26 08:03 BertsolaritzeaDonostian edo Bilbon egingo ez dan lehenengo aldia da.
Azken urteotan ezarritako ohitureari segiduta, Realaren eta Athleticen arteko derbiaren bezperan bertsolari txuri-urdinak eta zurigorriak nor baino nor ibiliko dira Bertso Derbian. Barikuko hitzorduak barritasun bat dauka: Orain arte, Bilbon edo Donostian izan dira Bertso Derbiak (edizino bakotxean futbol-derbia hartu dauen urian), baina aurten Azpeitian izango da, Soreasu antzokian (22:00).
Ganerakoan, betiko formatuari eutsiko deutso Bertso Derbiak. Sei bertsolari hirunako talde bitan banatuta, batzuk Athleticen alde, besteak Realaren alde. Futbol talde bien artean dagoan lehia abiapuntu dala, baina giro onari eta kiroltasunari lehentasuna emonda kantauko dabe sei bertsolariek. Gai-jartzailea Iker Iriarte izango da.
Realaren taldean, Euskal Herriko txapeldun izandako bertsolari bi egongo dira, Andoni Egaña eta Amets Arzallus. Eurekaz batera, 2017an finalaurrekoetara heldu zan Maddalen Arzallus be egongo da talde txuri-urdinean. Athleticen ordezkari, ostera, Bizkaiko azken txapelduna, Etxahun Lekue egongo da, baita finalista izandako Jone Uria be. Aspaldi Euskal Herriko finalista izandako Anjel Mari Peñagarikanok osotuko dau zurigorrien hirukotea.
Kulturea, kirola eta euskerea sustatzeko helburua dauen ekitaldi berezi hau antolatzeko, hainbat erakundek bat egin dabe: Real Sociedad Fundazinoak, Athletic Fundazinoak, Kulturaz Azpeitiko Kooperatibeak eta Donostiako Usandizaga Institutuko Diseinu Grafikoko Graduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!