Iparraldean euskerea alkarregaz bultzatuko dabe Jaurlaritzeak eta EEP-k
2018-04-25 13:16 Euskerea berbagaiErakunde biek 2018ko ituna sinatu dabe Baionan.
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Beñat Arrabit Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoko (EEP) presidenteak euskerea alkarlanean sustatzeko konpromisoa berretsi dabe. 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoaren barruan, 2018rako lankidetzea zehaztu dabe. Lankidetzarako lau arlo zedarritu ditue batetik, eta bestetik erabagi dabe 1.930.000 euro bideratzea Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragile pribaduen lana diruz laguntzeko. Igazko beste da hori.
Zupiria eta Arrabitegaz batera, Baionako ekitaldian izan dira Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Bernadette Soulé EEPko zuzendaria. Zupiria sailburuak ondokoa adierazo dau: Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen helburu nagusietako bat da euskerearen lurraldeen arteko hartu-emonak sendotzea, holan eraginkorragoak izango garelako euskerearen sustapenean. Igazko garagarrilaren 3an Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak akordioa sinatu genduan, hizkuntza politika gaietan hiru instituzinoen arteko alkarlanean sakontzeko. Horrek gaur sinatu dogun eranskinean eragiten dau, eta baliogarria da sano beste hainbat ekimen bultzatzeko. Alkarregazko errespetutik, beti egongo gara prest euskerea sustatzeko bidean beste lurraldeakaz lan egiteko.
Beñat Arrabitek be akordio honen garrantzia nabarmendu dau: Eusko Jaurlaritzeak hizkuntza politika mailan dauen jakitatea eta esperientzia funtsezkoak dira hemengo hizkuntza politikako arlo batzuk garatzen laguntzeko.
Gaur sinatutako akordio honek lotura zuzena dauka igaz Baionan sinaturiko 2017-2022 epealdirako hitzarmen markoagaz. Marko horren arabera, Eusko Jaurlaritzeak eta Euskerearen Erakunde Publikoak hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetzea garatzearen aldeko borondatea agertu eben. Era berean, hizkuntza politikearen arloko alkarlana adostu eben, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dala zehaztuta.
Hitzarmen markoak alkarlanerako lau arlo zehaztu zituan: euskerearen transmisinoa, hizkuntzearen presentzia eta erabilerea, hizkuntzearen kalidadea eta, azkenik, euskerearen aldeko jarrerea. Hitzarmen markoak lankidetzarako testuinguru bat definiduten badau be, lankidetzea urtero-urtero zehaztu behar da eranskin baten bidez. 2018ko eranskinean lau zeregin nagusi datoz:
- Hizkuntza-gaitasunaren mugaz bi aldeetako egiaztagirien baliokidetzearen definizinoa eta antolaketea, 2010ean C1 mailako EGA agiriagaz egin zan moduan. B1 mailako agiriaren baliokidetzea gauzatzeko lan egingo dabe aurten.
- Euskerearen Adierazle Sistemearen proiektua sustatzea.
- Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen eta Euskerearen Erakunde Publikoaren zerbitzuen artean informazinoa trukatzea: Itzulpenen kudeaketarako tresnak, Euskerearen Aholku Batzordearen Terminologia Batzordean Iparraldeko adituak integrauko dira eta Iparraldeko termino bereziak Euskaltermen sartuko dira, besteak beste.
- VI. Inkesta Soziolinguistikoaren behin betiko txostenak egin eta hedapenerako euskarri osotuak lau hizkuntzatan argitaratzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!