Entzulea epaile, Arabako Oholtzapetik txapelketan

Bizkaie! 2018-04-25 07:46   Bertsolaritzea

2016an hasitako egitasmoaren bigarren edizinoa da.

Arabako bertsozale zein bertsolariek formatu berezi batez disfrutetako aukerea izango dabe barriro, Oholtzapetik txapelketeari esker. Saio bakotxeko entzuleek erabagiten dabe nor dan irabazlea, horra lehiaketa honen berezitasunik nabarmenena. Arabako Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, maiatzaren 4an ekingo deutsie, Artziniegan.

Lau kanporaketa eta finala izango ditu txapelketeak eta 16 bertsolari ibiliko dira kantuan. Bost gai-emoile egongo dira eta epaile lanetan, publikoa. Saio bakotxeko irabazlea pasauko da Murgiako finalera, baina azken saio horretan ez da irabazlerik egongo.

Arabako hainbat txokotara helduko da Oholtzapetik: Artziniega, Agurain, Laudio, Izarra eta Murgian jokatuko dira saioak, beti barikuetan eta 20:30ean. Lehenengo kanporaketan, Artziniegan, Martin Abarrategi, Andere Arriolabengoa, Aroa Arrizubieta eta Rikardo Gonzalez de Durana egongo dira oholtzan, Nieves del Álamoren agindupean.

Maiatzaren 11n, Agurainen, laukote hau egongo da: Manex Agirre, Paula Amilburu, Unai Anda eta Asier Otamendi. Gai-jartzailea Aitana Iradier izango da. Hirugarren saioa, maiatzaren 18an Laudion, Xabi Antiak, Izar Mendigurenek, Oihane Pereak eta Felipe Zelaietak jokatuko dabe. Azken finalistea maiatzaren 25eko saioan erabagiko da Izarran eta Jagoba Apaolaza, Zigor Enbeita, Xabi Igoa eta Markel Yoller izango dira hautagaiak. 

Bagilaren 1ean,  Murgian, lau bertsolarik kantauko dabe finalean, kanporaketa bakotxeko irabazleek, eta Oier Suarez izango da gai-jartzailea. Kasu horretan, entzuleek ez dabe epaile lanik egin beharko, ez dalako lehiarik egongo. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu