Xabat Illarregi eta Oihana Arana Nafarroako eta Gipuzkoako Eskolarteko txapeldunak
2018-04-23 08:54 BertsolaritzeaEkhiñe Zapiainek eta Aner Peritzek be Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan parte hartuko dabe.
Pasa dan barikuan jokatu ziran Nafarroako eta Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketak. Iruñekoa bertsolari gazteen txapelketako 32. edizinoa izan zan, eta, arduradunek dinoenez, Maravillas gaztetxeko aretoa guztiz bete zan. Danetara, hamaika bertsolarik igon eben oholtzara: Idurre Villanueva, Zuhara Zaratiegi, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Beñat Astiz, Xabat Illarregi, Etxahun Azkarraga, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika, Uxue Mesa eta Ekain Alegrek.
Horreetako lauk lortu eben bigarren fasera pasetea: Mesak, Alegrek, Zapiainek eta Illarregik. Azken honeek biek jokatu eben buruz burukoa eta azkenean Illarregirentzat izan zan lehenengo postua. Asier Garcia izan zan saioko aurkezlea eta Saioa Alkaizak, Mikel Beumontek eta Arkaitz Goikoetxeak egin zituen epaile lanak.
Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Alkarteko presidentearen eskutik jaso eban txapela. Beste sari bat be izan zan Nafarroako bertsolari gazteen txapelketan, entzuleen saria. Bertsolarien jarrerea, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi zituan saria Ekain Alegre altsasuarrentzat izan zan.
Gipuzkoako Eskolarteko finala, barriz, Lasturren egin eben 140 lagunen aurrean. Iker Iriarte ibili zan gai-jartzaile eta ondorengo zortzikotea igon zan oholtzara: Imanol Albizu Gurrutxaga, Haizea Arana Cardenal, Uxue Alkorta Iturbe, Maddi Aiestaran Iparragirre, Oihana Arana Cardenal, Aitor Tatiegi Loidi, Aner Peritz Manterola Euzkitze eta Oihana Labiano Sorazu. Azken bi honeek heldu ziran buruz burukora eta azkenean, Oihana Arana eskoriatzarrak irabazi eban txapela.
Saio bizia eta gozagarria eskaini eutsien parte-hartzaileek hurreratu ziran ikusleei. Giro beroa izan zan saio osoan. Amaieran, Joxe Angel Salegi Arriola Lizarreta bertsolari lasturtarrak jarri eutsan txapela irabazleari.
Nafarroan eta Gipuzkoan lehenengo postu biak eskuratuta, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain, Oihana Arana eta Aner Peritz bagilaren 9an Saran jokatuko dan Euskal Herriko eskolartekoaren finalean izango dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!