Sopelako Esaera Zaharren Txapelketea apirilaren 28an

Bizkaie! 2018-04-23 11:26   Bertsolaritzea

Gaur, apirilak 23, da izena emoteko azken eguna.

Sopelako AEK aspaldi hasi zan Esaera Zaharren Txapelketea atontzen; holan, 25 urte beteko dau aurten lehiaketeak. Denpora guzti honetan euskerea kalera ateratzea izan dau helburu egitasmoak, bertsoak eta esaera zaharrak buztartuta eta honegaz, primeran pasetea eta aldarrikapen linguistiko-kulturalak lotzea da asmoa. Saio bi ditu: lehen fasea goizean izango da, herrian zehar; bigarrena (finalerdiak eta finala), Sopelako Ander Deuna ikastolan, herri-bazkariaren ostean.

Txapelketan taldeka hartzen da parte: 2-4 kide, 16 urtetik gorakoak. Bertsolariek hainbat bertso bota eta taldeek asmau beharko dabe zein esaera zaharrari jagokon bertso bakotxa. Bertsoak, goizean, Algortako Bertso Eskolearen ardurea izango dira; arratsaldean, barriz, Onintza Enbeita eta Amets Arzallus ibiliko dira bertsotan.

Txapelketearen helburua da puntuak pilatzea, bertsoak eta esaerak lotu ahala. Atsotitzak 100eko zerrenda baten dagoz webgunean, aurretiaz ikasteko, izan be, txapelketan ezin izango da esaeren zerrendea eskuragarri izan. Hori bai, ez dago esaerak edozein modutara esaterik, zerrenda ofizialean agertzen diran modu berean (berbaz berba) adierazo behar da esaera bakotxa.

Izen-emoteak 10 euro balio dau taldeko, eta bazkariak 17 euro personako. Komenidu da dirua aurretik sartzea kontu honetan: 3035 0196 73 1961090811 (Laboral Kutxa), taldearen edo kideren baten izena adierazota. Izena emoteko edo informazino gehiago jasoteko, deitu telefonoz (618 57 44 45 / 695 77 40 15), edo bialdu mezua posta elektronikoz (aitor-f@aek.org) Gaur, astelehena, amaituko da izena emoteko epea.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu