Alasne Martin: 'Bizitzeko modu barri bat proponidu nahi dogu'

Ainhoa Lores 2018-04-23 12:00   Barriketan

Gutun Zuria jaialdiko arduraduna.

Gaur emongo deutsie hasierea XI. Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdiari. Naturara itzultzea. Utopia literarioa ete? lemapean, Gutun Zuriak literatura garaikideko idazlerik ospetsuenak batuko ditu aurten be hilaren 29ra arte. Horreen artean dagoz Bernardo Atxaga, Aingeru Epaltza, Ixiar Rozas eta Maider López, besteak beste.

Alasne Martin jaialdiko arduradunetako bat da eta berak emon deuskuz argibide gehiago.

 

1.- Zelan ikusten dozu Gutun Zuria hamaika urteren ostean?

Berba bi erabiltekotan, finkotasuna eta sendotasuna erabiliko neukez. Lehenengoa, Azkuna Zentroa proiektu bera be finkatzen doalako eta bigarrena literatura jaialdi hau idazle, argitaletxe eta kultura industria honetan gero eta ezagunagoa dalako.

Pasa dan urtean hamar urte bete genduzan eta jenteagandik orain arte jasotako harrereari esker, etorriko diran edizino barriei indar gehiagogaz bultzatzeko gauza izango gara.

 

2.-Zelako garapena izan dau martxan jarri zenduenetik?

Gero eta presentzia gehiago dauka Jaialdiak. Hasieran, eraikina bera ez egoanez, berbaldiak beste gune batzuetan atondu behar genduzan eta ez geunkan aukera handirik beste jarduera mueta batzuk egiteko. Orain instalazino artistikoak izaten doguz, Mediatekan erakusketak, tailerrak gazteakaz, beste era bateko ikuskizunak ... Gutun Zuriaren programearen barruan ez dago literaturarako tokia soilik, zinemeaz, jantzeaz edota musikeaz gozetako aukerea be badago.

 

3.- Zerk bultzatuta jarri zenduen martxan Gutun Zuria?

2005eko Bilboko kultura mapea ikusirik, sasoi haretako aholkulariek nazinoarteko literatura jaialdi bat falta zala pentsau eben. Uria munduko literaturearen mapan sartzeko, eta euskal literatureari be mapa literario horretan ahotsa eta beste bultzada bat emoteko modu interesgarria izango zalakoan, nazinoarteko topaketa literario honi hasierea emon eutsien.

 

4.- Literaturatik haratago doan festibala da Gutun Zuria. Zer eragin nahi dozue?

Irakurketarako pasinoa bultzatu nahi dogu, gure mundua zabaltzen dauelako eta gure barruko eta kanpoko mundua ezagutzeko pasinoa bultzatzen dauelako. 

Ezagutzen badoguz egoerak, personak... gure inguruan dagozan guztiakanako konfiantzea handiagoa izango da. Irakurten dogunean, munduan jazoten danaren ganeko hausnarketarako gogoa sortzen jaku eta geure barruan dagozan burutazinoen erantzunen iturria be bihurtu leiteke. Barruan dagozan sentimendu eta hausnarketa guztiak eragingo ditu.

 

5.- Ze leku eskaintzen deutso Gutun Zuriak euskal literatureari?

Euskal literatureak leku berezia izaten dau urtero. Euskal idazleek nazinoarteko beste egile batzuekaz parte hartzen dabe jaialdian. Alkarregaz egoteko aukerea ez eze, literaturearen eta sorkuntzearen ganeko ikuspuntu eta erreferentziak be alkarregaz partekatzeko aukerea izaten dabe. Alde bientzat esperientzia oso aberatsa da eta euskal literaturea ezagutarazoteko pausu bat.

 

6.- Naturara itzultzea. Utopia literarioa ete? titulupean dator aurtengo edizinoa. Honegaz zer adierazo nahi dozue?

Aurtengo edizinorako aukeratu dogun gaiak helburu bikotxa dakar: alde batetik, Henry David Thoreau pentsalari handiari omenaldia egin nahi deutsagu, igaz haren bigarren mendeurrena izan zalako, eta, beste alde batetik, pentsalari haren doktrina naturalistatik eratorrita, biziteko modu barri bat proponidu nahi dogu. Hortik tiraka nature writing deitu izan deutsienaren ganean mobiduko da 2018ko Gutun Zuria.

Gure aholkulari Beñat Sarasolak idatzi eban moduan, Azkuna Zentroko aldizkariaren apirileko zenbakian, gure gizarte industrial eta teknologizatuak natureari bizkarra emon deutsolarik urte luzetan, idazle askoren kezkea izan da naturearen ganeko hurrerapen prestuago bat osotutea. Ekologiaren galdera nagusiak literatureagaz gurutzatzen diran eremu hori zeharkatuko dau: Zelan idatzi izadiaz? Ze hartu-emon dogu gizakiok natureagaz? Zelan idatzi naturearen hondamendia geldiarazoteko? Bilboko Letren Nazinoarteko Jaialdiak, bada, naturea eta gizakia, askotan hain banandurik dagozanak, pixka bat gehiago batuko ditu literaturearen bidez.

 

7.- Eta zelakoa izango da Henry David Thoreauri egingo deutsazuen omenaldia?

Jaialdia bera izango da omenaldia. Thoreauren eta naturearen presentzia jaialdiaren bazter guztietan ikusgai eta entzungai egongo dira.

 

8.- Biziteko modu barri bat be proponidu nahi dozuela dinozu, zergaitik eta zelan egingo dozue?

Thoreau oraingo mobimendu ekologisten aitzindaria da, zalantza barik. Haren proposamena bide-erakuslea izan zan, kontzientzia ekologikoa sortzeko eta natura basatian buztartutako bizitzara itzultzeko beharra ikusi ebalako. Haren ideek eskolea sortu eben, eta holan Thoreau bera, zelan haren jarraitzaileak natureari eusteko burrukatik harantz joan ziran, dimensino espirituala bilatzen ebelako naturan.

Gizaki naturalak norberaren askatasunagaz eta bihotz-garbitasunagaz zerikusia daben purutasuneko idealak lortu nahi ditu. Gizarte garaikideetan nagusi diran doktrina ekonomikoek, barriz, alferrik pilotu eta gastetako jokerea izaten dabe, egiazko aberastasunagaz zerikusirik ez dauen jokerea.

 

9.- Eta zelan jarriko dozue mahai ganean kapitalismoan oinarritutako gizarte hau?

Aurtengo gaiagaz batera doa. Natureari gure begiradea emoten badeutsagu, kapitalismoari bizkarra emongo deutsagu. Naturea lasaitasunagaz lotuta dago, kapitalismoa, barriz arintasunagaz bat datorrela uste dot. Naturearen erritmo baketsua, geldia eta eten bakoa justu sistema kapitalistearen abiadura lasterraren kontrakoa dalako.

 

10.-Nobedaderik izango da aurtengo edizinoan?

Bai. Aitatzekotan bi azpimarratuko neukez. Alde batetik, Spoken Word izeneko ekitaldia eta gazteakaz egingo doguzan tailerrak. Lehena, apirilaren  27an, barikuan, gaueko 21:00etan izango dan ikuskizuna, eta bigarrena, 25ean eta 26an goizez egingo doguzan sorkuntzea eta idazmena lantzeko tailerrak izango dira, nerabeakaz eta ikastetxeakaz adostuta.

 

11.- Zer nabarmenduko zeunke aurtengo egitarautik?

Idazle eta pentsalari guztiakandik, berbaldietan, zeozer berezia eta interesgarria entzungo dogu eta gatxa egiten jat aitatzea zein egun izango dan indartsuena, non ipini indarra... Lehenengo egunean, Rivas, Mancuso eta Carbonellegaz naturea, ikuspuntu desbardinetatik azaldu eta aurkeztuko deuskue. Hurrengo egunetan, Euskal Herritik Atxaga, Larretxea, Epaltza, Madariaga, Ixiar Rozas eta Maider Lópezek parte hartuko dabe eta Norvegiatik Lunde eta Mytting-ek basoak, mendiak, animalien eta gizonen arteko hartu-emon magikoak hurreratuko deuskuez. Beste alde batetik, Terry Tempest Williams Ferrer Lerinegaz batera ibiliko da Thoreauren ideen ganean sakontzen. Amaitzeko, Cesar Airak, Marisa Blancok esaten dauen moduan, será una sorpresa en sí mismo.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu