Herririk herri eragin nahi dabe UEMAk eta PuntuEus-ek
2018-04-19 13:22 Euskerea berbagaiEuskereak interneten dauen lekua aztertu eta zabalduko dabe alkarlanean.
Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeak, UEMAk, eta PuntuEus Fundazinoak hitzarmena sinatu dabe, ingurune digitalean herririk euskaldunenen ikuspegitik eragiteko. Akordioa Josu Labakak, UEMAko lehendakariak, eta Josu Waliñok, PuntuEUS Fundazinoko zuzendariak, sinatu dabe, Donostian egindako agerraldian.
Hainbat zeregin batzen ditu hitzarmen horrek. Hasteko, PuntuEus-ek UEMAko kide diran herrietako interneten egoerearen azterketea bialduko deutso mankomunidadeari. PuntuEUS Behatokia-ren bidez berenberegi garatu dan tresna informatikoaren bidez egingo dabe azterlana. UEMAko 85 udalerrietan euskereak interneten dauen egoerea aztertzeko eta herri horreetako webguneetan eta domeinuetan eragiteko ekimen aitzindariak abian ipiniko ditue.
UEMAk udal bakotxari bialduko deutso jagokon azterketea. Lanketarako sortutako tresnarako sarbidea udalerriotako euskera teknikariek izango dabe, horren arabera interneten euskerea sustatzeko ekimenak abiarazo ahal izateko.
Besteak beste, ekimen honeek aurreikusi ditue: UEMAko lurretan dabizan enpresa, erakunde eta bestelakoen webguneetan .eus domeinua ezartea eta bertan euskerazko edukiak bultzatzea; Interneten Ere Lehen Hitza Euskaraz kanpainearen barruko ekimenak gizarteratzea; eskoletan eta udalen menpeko egoitzetan nabigatzaileak euskeraz jarteko neurriak hartzea, ingurune digitalean euskerearen presentzia indartzeko.
Hitzarmenak 245.000 biztanle inguruko eremuari eta 8.000 webguneri eragiten deutse, eta lurgune horretako ehunka erakunde, alkarte, enpresa eta norbanakogan eragiteko bitartekoak eta konpromisoak jasoten ditue erakunde biek. PuntuEUS Behatokiaren arabera, 2017an 26.000 webgunek eukien edukiren bat euskeraz, Euskal Herriko webguneen % 16k. UEMAko udalerrietan, ostera, webguneen % 30ek euskerazko edukiren bat dabe, hortaz datua asko hobetzen da.
Sinatzaileek zehaztu dabenez, euskereak ingurune digitalean aurrerabidea izango badau, eskaintzan ez eze eskarian be eragitea ezinbestekoa da, hau da, internet erabiltean euskerearen aldeko hautua egitea. Datuen arabera, interneteko erabiltzaileen % 2 edo 3 inguruk baino ez dabe euskeraz nabigatzen. Ez hori bakarrik, euskeraz dabizan erabiltzaileen kopurua beherantz doa, batez be nabigazinoa eskuko telefonoen bidez egiten dalako gero eta gehiago, eta jenteak ez dau ohiturarik komunikazinorako tresnea euskeraz izateko, horretarako aukerea badagoan arren.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!