Mari Abrego alpinista nafarra hil da

Bizkaie! 2018-04-19 09:10   Euskaldunak munduan

K2-ko tontorra zapaldu eban lehenengo euskal mendizalea izan zan.

Mari Abrego, eskuman, K2-n beragaz egondako Josema Casimiroren alboan, argazki zahar baten | Ikusi handiago | Argazki originala

1980ko hamarkadea abentura eta lorpen historikoen sasoia izan zan Himalaian euskal mendizaleentzat. Mari Abrego nafarra ekinaldi horretako protagonista nagusietako bat izan zan. K2 igon eban lehenengo euskal herritarra izan zan, Josema Casimirogaz batera, baina hori ez zan izan haren igoera nabarmen bakarra. Himalaiako zortzimilako eta zazpimilako ugaritan egon zan, baita Amerikako tontor enblematikoenetan be.

1983an joan zan Abrego lehenengoz K2-ra, Roger Baxter ingelesagaz. Ordurako, eskarmentu luzea eukan goi mendietan, baina ezin izan eban helburua bete. 1984an, lehenengo zortzimilakoa igon eban, Makalu. 1986an, K2-ra bueltau eta tontorra zapaldu eban: Bagilaren 23an, tontorrera heldu ziran Josema Casimiro eta Abrego, 8.611 metroko altuerara.

1980an munduko tontorrik garaiena, Everest, igon eban euskal espedizino batek. Munduko bigarren tontorrean lehen euskaldunak izateko ohorea, ostera, Abrego eta Casimirorena da, 1986ko uda haretan. Harrezkero, Abregok Himalaiako beste tontor asko be zapaldu zituan: Nanga Parbat, Broad Peak eta Cho Oyu. Everestera igoteko lau espedizinotan parte hartu eban, baina baten be ez zan munduko sabaira heldu.

Alpinismoa zaletasun handia zan Abregorentzat, eta bizibidea be emon eutsan mendiak, luzaroan gidari izan zan eta. Ondorioz, Amerikako mendirik altuena, Aconcagua, 25 bat aldiz igon eban, horreetako baten itsuen espedizino baten gidari. Ipar Amerikako sabaian, Denalin, be egon zan, besteak beste.

Nafarroako Gobernuak Kirol Merezimenduaren Urrezko Dominea emon eutsan. Mari Abrego 1944an jaio zan eta 73 urtegaz hil da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu