Txinaren arpegi guztiak (eta II)

Zigor Aldama 2018-04-18 10:57   Bidaide

Garapenerako eta Erreformarako Batzorde Nazionalak onartu dauenez, helburua da 2020rako bideozaintza sarea leku guztietara heltzea eta guztiz interkonektauta egotea, beti martxan.

Txinako bideozaintzako azpiegitura publiko zein pribadua aproposa da ibilgailuen eta arpegien errekonozimenduan oinarritutako segurtasun sistema nazionala martxan ipinteko. Chongqing urian proiektu bat ipini dabe martxan, Begiluzeak ezizenekoa, kamara publikoen eta uritar zein dendek ipinten dituenen grabazinoak batzeko. Sistema honeen eraginkortasuna % 95ekoa da dagoeneko, eta iraultzea ekarriko dabe segurtasun indarren lan egiteko moduan. Giza-baliabideetan aurrezten lagunduko deuskue eta positibo faltsuen kasuak egongo diran arren, gure operazinoen eraginkortasuna nabarmen hobetuko dabe, adierazo dau Li Qiang-ek, Shenzhen-eko Poliziaren teknologia zuzendariak, Shanghain egindako biltzar baten.

Chongqing-eko Poliziaren txosten batek ganeratzen dauenez, kamaren informazinoa lagungarri izan leiteke fitxau bako uritarren mobimendu susmagarriak atzemoteko. Eta, Garapenerako eta Erreformarako Batzorde Nazionalak berak onartu dauenez, helburua da 2020rako bideozaintza sarea leku guztietara heltzea, guztiz interkonektauta egotea, beti martxan eta era kontrolagarrian.

Baina ezinezkoa da agenteek kamaren irudi guztiak ikustea. Gitxiago Shanghairen tamainuko 24 miloe biztanledun urietan. Adimen artifizialak, baina, datu esanguratsuak atera leikez egunero sortzen diran terabyte pilotik, dino Zhu Long-ek. Kaliforniako Unibersidadean Estadistikan doktorea dan gizon honek Yitu sortu eban eta Yan Leun-ek zuzendutako Courant Zientzia Matematikoen Institutu ospetsuan ikasi zituan Adimen Artifizialaren ganekoak. Facebooken adimen artifizialaren atala zuzentzen dau gaur egun eta ziur dago Txina dala teknologia hori garatzeko eta alor horretan munduko onena izateko leku aproposena, hiru arrazoigaitik.

Batetik, Gobernuak eta herritarrek bizkor onartzen dituelako teknologia barriak eta pribadutasunak ez ditualako larregi kezkatzen, Estadu Batuetan eta, batez be, Europan jazoten danaren kontrara. Bigarrenik, neure moduan Txinara bueltetan dabizan zientzialari asko dagozalako, atzerriko zentrorik onenetan formakuntzea jaso eta gero. Eta hirugarrenik, jente asko dagoalako. Horrek esan nahi dau datu asko daukaguzala eskura, horrek elikatzen dau Adimen Artifiziala. Big Data, adituek ikasketa automatikoa errazteko sartzen dituen oharrakaz batera (deep learning ingelesez) dira teknologia honen oinarria, azaldu dau Zhu-k.

Halandabe, segurtasun arloko Adimen Artifizialaren sektorean aukerak eta interesa handitu ahala, lehia be handituz doa. Face++ da sektore publikoan zabaldu barri dan pastel gozo horren zati bat nahi dauen beste enpresa bat. Huawei eta beste erraldoi batzuk Smartphoneak desblokeetako arpegi-identifikazinorako sistemakaz horniduteaz gan -Honor V10-ak dakarrenaren modukoak-, arreta handia erakarri daben proiektu publiko batzuk be bereganatu ditu. Adibidez, kalea behar ez dan lekutik zeharkatzen dabenak ohartarazoten dituan sistemea, Shenzen-en, herrialdeko teknologia barrien erdigunean. Zebrabiderik ez dagoan lekutik edo semaforoa gorri dagoela kalea zeharkatzen dabenak topetan ditue kamarek, algoritmoak persona hori idetifiketan dau eta, ondoren, sistemeak haren arpegia eta nortasun agiriaren zenbakia erakusten ditu, batzuek oinezkoen lotsearen erakuslekua deitu daben pantailan. Umiliazino publikoaz gan, isuna be izango dabe.

Arpegiak ezagutzeko sistemea 2012an sortutako Yitu enpresearen funtzino ezagunena bada be, Txinako Anaia Handia beste sistema bategaz inaugurau eban, ibilgailuen errekonozimenduarenagaz. Zehaztasuna % 100etik hur dago. Matrikulak irakurri, autoaren modeloagaz eta koloreagaz konparau eta baten bat matrikula faltsuakaz gidatzen ete dabilen jakiteko balio dau, baita trafiko-arauen urraketak identifiketako be, ganeratu dau Zhu-k, indarrean dagoan lekuan legez kanpoko maniobrak nabarmen jatsi dirala aitatzen dauen bitartean.

Baina teknologia barri honek dakarren poterea beti onerako erabilten ete dan zalantzan jarri dabe batzuek. Human Rights Watch (HRW) erakundeak ohartarazo dau Pekingo gobernuak herritarren pribatutasuna urratzeko eta disidentziaren kontra joteko erabilten dauela. GKE horren Txinako zuzendariak, Sophie Richardson-ek, zera dino: Agintariek miloeka herritar arrunten gero eta informazino gehiago batzen dabe, eurek ideologia normaltzat joten daben horretatik urruntzen diranak identifikau eta datuok zelatatzeko erabilten ditue. Richardsonen arabera, jarduera hori berehala eten behar litzateke, harik eta Txinak pribadutasunaren babeserako marko sinisgarri bat onartu arte.

HRW-k laino polizial izena emon deutse sistema horreei guztiei eta ohartarazo dau ez dauela herritarren mobimendu guztiak kontroletako bakarrik balio, aurreikusteko gauza be badala. Gobernua teknologia barrien inguruan arakatzen dabil, esate baterako big data eta lainoan oinarritutako sistemetan. Horreekaz datuakaz -banku-eragiketak online, mediku-historialak, erakundeetako bazkidetzak eta abar- informazino personala modu eraginkorragoan lantzen dau, ganeratu dau GKEak, zemendian argitaratutako txostenean.

Poliziak ziurtatu dauenez, legea apurtu dabenen datuetara baino ez dau sarbidea. Arazoa da, giza eskubideen erakundeen arabera, sistema judiziala ez dala independentea eta Alderdi Komunistearen aginduei men egiten deutsela. Interneten dabizan enpresei bertako legeak ezarrita, erregimenak eskura ditu datuak. Zhu-k, bere aldetik, bere burua defendidu dau, berak garatutako teknologia zelan erabilten dan ez dala bere erantzunkizuna esanaz. Ganera, ez da gobernuen kontua bakarrik, Google, Facebook eta halako enpresek gauza bera egiten dabe eta inor ez da asaldatzen.

Bestetik, enpresari horrek nabarmendu dau arpegiaren errekonozimedurako sistemen aplikazino ugarien artean bat baino ez dala segurtasunarena. Yitu-k garatu dituanak, esaterako, China Merchants Bank-en kutxazain automatikoetan erabilten dira. Bezeroak ez dau txartelik behar, sistemeak arpegia ezagutzen dau kamara berezi batez -kamara arruntek ez dabe balio, segurtasuna handiagoa izan behar dalako- eta PIN kodea sartu baino ez dauka eragiketak egiten hasteko, azaldu dau Zhu-k.

Merkataritzearen erraldoi Alibabak be antzeko sistemea ipini dau martxan Hema supermerkadu barrietan: Han ez da dirurik erabilten pagetako, eta kutxarik be ez dago kobretako. Bezeroak arpegia erakusten deutso kamara bati, identifikazinorako telefono zenbakia sartu eta erosketea eginda dauka, pagetako ezelako metodorik aldean eroan barik. Bestetik, berehalako mezularitzako aplikazino txinatarrik handiena, WeChat, teknologia hori erabilten hasi zan abenduan eta Txinako Gobernuak iragarri dau agiri nazional elektroniko ofizialtzat hartuko dauela aplikazino horretan arpegiaren errekonozimendurako nahikoa datu sartu dauen edozein kontu.

Etorkizunean zerbitzu publiko asko arpegiaren bidez egiaztatutako identidade elektroniko bati lotzeko lehenengo pausua da. Chongqing-en, adibidez, bikoteak -baita kideetako bat atzerritarra bada be- ezkondu egin leitekez identifikazinorako agiririk erakutsi barik, horren ordez arpegia ezagutzeko sistemak erabilita. Xinhua agentziaren arabera, horri esker tramiteak arindu dira, lehen 10 minutuan egiten zan errekonozimendurako orain 0,3 segundu behar diralako.

Baina era horretako sistemak muturrera eroateko arriskua be badago. Pekingo Zeruko Tenpluan ikusi zan hori igaz, hango komun publikoetan papela banatzeko arpegia ezagutzeko sistemea martxan ipini ebenean. Horren material baliotsuaren ohiko lapurretak ebitetako neurria da, baina danak ez dagoz pozik: batzuen ustez 60 zentimetro ez dira nahikoa, eta papel gehiago eskuratzeko itxaron behar diran bederatzi minutuak larregi izan leitekez estualdi baten dagoanarentzat. Adimen artifizialak ez dau oraindino hori ulertzen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu