Txinaren arpegi guztiak (I)

Zigor Aldama 2018-03-28 13:38   Bidaide

Adimen Artifizialaren Iraultzea handiagoa eta bizkorragoa da Industria Iraultzea baino, dino Zhu-k.

Arratsaldeko laurak dira eta munduko luzeena dan Shanghaiko metroaren kontrol-gela ikusgarrian dozena erdi behargin ordu puntako joan-etorriak jagoteko prest dagoz, ezusterik egon ez daiten, momentu horretan sareko 617 kilometroetan miloe bat lagunek baino gehiagok bidaiatzen dabe eta. Lan horretarako, 30.000 kamararen laguntzinoa dabe, jazoten dan guztia grabau eta erretransmitiduteko. Beharginek gune jentetsuenetako hogei kamara inguru pintxau eta hormako panel erraldoia hara eta hona dabilen jente-uriola batek hartu dau. Baina argi dago kanal guztiak batera ikusteko begi nahikorik ez dagoala. Zeregin hori adimen artifizialeko Dragonfly Eye algoritmoarena da, Yitu enpresa txinatarrak garatua arpegi bidezko errekonozimendu batez gaizkileak harrapetako.

Era horretako teknologia metroan ipini dauen lehenengo uria da Shanghai urtarriletik. Lehenengo egunetik erakutsi eban balioa. Kamarek erabiltzaile guztien arpegiak detektetan ditue eta bilatzeko agindua daukien personen datu-baseagaz alderatzen ditu. Baten bat topetan dauenean, alarmea bialtzen deutso poliziari -agenteak dagoz geltokietan-, norbanako horren datuakaz, azaldu dau Zhou Wei-k, metroko segurtasun operazinoak zuzentzen dituan poliziak.

Lehenengo kasuan, algoritmoak susmagarri bat topau eban sarreran eta geltokiko poliziari bialdu eutsan haren argazkia, holako jazoerak aztertzeko darabilen PDA gailuaren bidez. Berehala atxilotu eben, Dragonfly Eye ez ebilen oker. Harrezkero, Zhou-k dino ehundazak batzuk atxilotu dituela, baina ez dau esan zenbat eta ezta Yituren algoritmoari esker zeintzuk izan diran be. Argi dago era honetako sistemek herrialdea seguruago bihurtzen dabela.

Zhu Long, Yituren sortzailea, bat dator guztiz. Gure sistemeak erraz identifikau leike edonor 2.000 miloe lagunen artean, ziurtatu dau. Eta ez dabil guzurretan. Dragonfly Eye lanean dabil dagoeneko Asiako Erraldoiaren datu-base nazionalean jasotako 1.700 miloe erretratuakaz: 1.400 miloe txinatar -nortasun agiri barriek arpegiaren errekonozimendurako informazino zehatza jasoten dabe- eta mugetan erretratautako 320 miloe atzerritar -mugetan gero eta kamara berezi gehiago dagoz-. Irudi bidezko informazino hori atzamar marken datuakaz osotzen da.

Yituren egoitzan bertan ikusten da ze arin eta eraginkorra dan sistemea. Shanghaiko Hongqiao auzoko eraikin moderno horretako kamarek sartzen diran guztiak erregistretan ditue. Algoritmoak artxiboak sortzen ditu behargin eta bisitari guztien arpegien ezaugarriakaz, eta hareen mobimendu guztiak segitzen ditue eraikinaren barruan. Bulego bateko pantaila erraldoian agiri da horren emoitzea.

Kamarearen aurrean jarri ezkero, eraikinaren solairu bakotxean egin dogun ibilbidea erakusten deusku. Leku bakotxera heldu dan ordua ipinten dau eta norbanako bakotxa leku horretan egiten egon danaren bideoa be ikusi leiteke. Ikarea emoten dau, dino irribarrez bere buruagaz probea egin dauen bisitari txinatar batek.

Ia 200 segurtasun-erakundek daukie dagoeneko Yitu sistemea, era guztietako ekitaldietan probau dabe. Esaterako, Qingdao-ko Garagardaoaren Azokan erabili eben; 22 igeslari topau eta egun haretan bertan atxilotu zituen. Suzhou-n, 500 krimen argitu dira Dragonfly Eyeren datuei esker; eta kostaldeko Xiamen uriko garraio publikoan erabilten hasi diranetik, % 30 bajatu da lapurreten kopurua autobusetan. Orain dala bost urte hildako baten buruhazurra identifiketea be lortu dau sistemeak.

Adimen Artifizialaren Iraultzea handiagoa eta bizkorragoa da Industria Iraultzea baino, dino Zhu-k. Jentea eztabaidan dabil, ia benetako zeozer dan ala puztutako burbuja bat baino ez, baina arpegi bidezko errekonozimenduetan egondako aurrerapenek erakusten dabe zelako potentzialtasuna dauen. 2015ean, gure sistemea Immigrazino ataleko beharginak baino hobea izan zan argazki bi persona berarenak dirala identifiketan, eta harrezkero eraginkortasuna mila bidar handiagoa da. Orain, gure algoritmoak edonor ezagutu leike, baita orain dala 30 urteko argazki baten be, ganeratu dau Fujian eskualdeko kostaldetik heldutako injineru honek.

Aurrerapen hori uriak seguruago bihurtzeko erabilteko zalantzarik ez dau izan Txinak. IHS Markit etxearen arabera, herrialdean 170 miloe segurtasun kamara dagoz, eta hemendik 2020ra beste 450 miloe inguru batuko jakez. Forma eta tamainu guztietakoak dira eta edonon dagoz: Telefono eta argindar zutoinetan, errepideen ganean eta eraikinen barruan. Hegoaldeko Guiyang urian arpegia ezagutzeko sistema bat probau eban BBC-ko kazetari batek frogatu ebanez, ezinezkoa da Txinako Anaia Handiari iges egitea: Bideo bidezko jagote-sistemearen bidez, poliziak zazpi minutu baino ez zituan behar izan kazetaria topetako, arpegia ezagutzeko algoritmoa erabilita.

Kaleko saltoki txikiak be kamarak ipinten hasi dira, arboletatik zintzilik. Neurri hau hartzea erabagi genduan, baten batek sarri ostuten euskula ikusi gendulako, dino Han abizeneko Shanghaiko fruta-saltzaile batek. Hongkou barrutiko patio baten egunero ipinten ditu frutaz betetako hainbat mahai, senarragaz batera. Espazio zabala danez, kontroletan gatxa da. Kamarei esker, sarri ostuten euskuen tipo bi identifikau genduzan. Poliziari deitu eta, behin irudiak aztertuta, ordu gitxiren buruan atxilotu zituen, dino garaipenezko irribarre bategaz. Kasu hori argitzeko balio izan eben irudiak horma baten ipini ditu bikoteak, zoezer ostuteko asmoz hurreratzen diranei ohartuarazoteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu