'Mingaina Dantzan' udalekuetan euskerearen erabilerea aztertuko dabe

Bizkaie! 2018-04-17 12:45   Euskerea berbagai

Txanda bi egingo ditue garagarrilean, Berrizko Olakueta aterpetxean.

Iñaki Eizmendi, Miren Dobaran, Iñaki Aristondo, Estibaliz Alkorta eta Josu Labaka (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mingaina  Dantzan udalekuen bigarren edizinoa aurkeztu dabe goizeon Donostian. Ekitaldian izan dira Miren Dobaran Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Estibaliz Alkorta Euskerea Sustatzeko zuzendaria, UEMAko presidente Josu Labaka, Ebete enpresako hezitzaile Iñaki Eizmendi eta udalekuak kudeatuko dituan Ttakun enpresako ordezkari Iñaki Aristondo. EUDELek be bat egin dau egitasmoagaz.

Proiektu honi esker, euskereari lotutako udaleku erakargarriak sustatzeagaz batera, erabileran eragiteko baliogarriak izan leitekezan tresnen inguruko azterlana garatuko dabe, izan be, udaleku honeetan euskereagaz askotariko loturea daben gazteak berenberegi batuko dira (inguru soziolinguistiko ezbardinetakoak, euskerea ama-hizkuntza dabenak eta ez dabenak…). Testuinguru horretan, hizkuntza portaeren inguruko analisia egingo dabe.

Proiektu honetan hainbat osogaik egiten dabe bat, eta oso baliogarria izango da etorkizuneko estrategiak lantzeko. Igazko esperientzia positiboaren ostean, aurten beste pauso bat emon dogu ekimena hobetzeko, adierazo dau Dobaran sailburuordeak. Iñaki Eizmendik ganeratu dauenez, ezinbestekoa da gazteen esperientzia bizipen positiboakaz lotzea: Batetik, euskeraz berba egiteko ohitura gitxien daben nerabeek egonaldian tarte luzeetan euskeraz egitea nahi dogu, eta hori bizipen positibo eta indartsuakaz lotzea oso garrantzitsua da. Bestetik, euskeraz berba egiteko ohitura handiena dabenek ohitura horri eutsi behar deutsie taldean dagozanean.

Helburua beteteko, estrategia eta tresna zehatzak erabiliko ditue, bost moltsotan banatuta: Oinarrizko estrategiak, eusleen jarduerak, sare sozialen erabilerea, erabileran eragiten daben faktoreak eta programazinoan txertatzeko jarduerak.

Mingaina  Dantzan udalekuen aurtengo edizinoa Berrizko Olakueta aterpetxean izango da, han hamar eguneko txanda bi egingo dira garagarrilean. Hamairu eta 14 urteko nerabeek parte hartu ahal izango dabe (DBH-1 eta DBH-2ko ikasleak) eta txanda bakotxean 30 lagun izango dira.

Lehenengo txandan, igazko edizioaren erespideei eutsi deutsie: inguru euskaldunetako nerabeak eta euskerea nagusi ez dan inguruetakoak nahastauko dira. Heren bi zonalde euskaldunetakoak izango dira, eta heren bat euskerea nagusi ez dan inguruetakoa. Bigarren txandan, zonaldea barik, ama-hizkuntzea hartuko da kontuan; hartara, etxetik euskerea jaso dabenak eta ez dabenak nahastauko dira. Gehiago izango dira euskerea etxean jaso dabenak besteak baino.

Deialdia egiterakoan, taldeak modu egokian osotzeko, herri eta ikastetxe jakinetara joko da. Edozeinek emon ahal izango dau izena, baina herri eta ikastetxe batzuetan lanketa berezia egingo dabe, bilatzen diran ezaugarriak bermatu ahal izateko. Izena emoteko epea zabalik dago.

 

2017ko emoitzak

Aurtengo deialdia egiteaz gan, igazko udalekuetan egindako azterlanaren emoitzak be jakitera emon ditue. Iñaki Eizmendiren arabera, helburu gehienak bete dira eta erabileran eragiteko bideak garatzeko eta frogatzeko aukeratutako formatua, udalekuen formatua, oso egokia izan da. Euskerearen erabilereari jagokonez, udalekuek agirian itxi eben inguru soziolinguistikoen eragina. Eremu ez euskaldunetako nerabeek argi azaldu dabe egunerokoan baino askoz be euskera gehiago erabili ebela. Argi geratu da eremu euskaldunetako gazteen presentziak eta erabilera naturalak era nabarmenean sustatu dauela euskerearen erabilerea ganerakoen artean.

Aurreikusitako proportzinoen garrantzia argi dago: gaztelania nagusi dan eremuetakoak inguru euskaldunetakoak baino gehiago izan dira, eta horrek erabileran eragiten dau. Alderantzizko proportzinoan izan balitz, euskerearen erabilerea are nabarmenagoa izango zan, adierazo dau Eizmendik. Euskera asko erabili zan, eta horretan oso lagungarria izan zan eremu euskaldunetako gazteen parte-hartzea, baina euskerea nagusi ez dan eremuetako gazteen presentzia ugariak pixka bat murriztu egin dau euskerearen erabilerea. Egin ziran hiru neurketen arabera, nerabeen arteko alkarrizketen % 75 euskeraz izan ziran.

Igaz garatu ziran bideei erreparauta, eragina ez da bardina izan guztietan: Oso ondo asmau dogu oinarrizko erespideakaz, sare sozialakaz eta programazinoan txertatutako jarduera batzukaz, dino Eizmendik. Eusleen dinamikak be oso interesgarriak izan ziran, baina beste dinamika batzukaz ez zan nahi genduan moduan asmau. Beste ondorio bat da, oso garrantzitsua izan zala familiakaz, hezitzaileakaz eta nerabeakaz aldez aurretik bilerak eta aurre-saioak egitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu