'Bariazinoak' izenpean, upealako eskaintzea dakar EOS-ak

Bizkaie! 2018-04-17 10:42   Musikea

Robert Treviñoren gidaritzapean, 50 abonu-kontzertu izango ditu 2018-19 sasoiak.

Denporaldia aurkezteko ekitaldia (Argazkia: EOS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bariazinoak izenburupean, 2018-19 denporaldiko nobedade guztiak aurkeztu ditu EOS, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, sasoia hasteko asko faltau dan arren. Irailaren 27an ekingo deutsie eta 2019ko bagilaren 13ra bitartean, era guztietako kontzertuak eskainiko ditu Euskal Herrian eta atzerrian. Programazinoa iragarteko irudia freskoa, apurtzailea eta modernoa da, ikuslearen arretea erakarteko.

Robert Treviño, nazinoartean ospea eta entzute handia eskuratu dituan artistea, izango da EOSeko zuzendari titularra. Bertoko orkestreagaz dauen konpromisoaren erakusgarri, Treviñok berak gidatuko ditu musikariak abonuaren barruko sei kontzertu-programatan. Treviñok asmoa dau soinu sinfoniko handia lantzen segiduteko, era koherente batez, zentzunez beterik eta epe luzeko ikuspegiaz. Ondorioz, Mahler sarritan agertzen da haren egitarauetan eta 2018-19an, musikagile horren 9. sinfonia entzun ahal izango da, baita beste hainbat konpositoreren errepertorio sinfoniko handia be: Elgar, Dvorak, Rakhmaninov...

2018/2019 denporaldian, aldaerak kontzeptuari helduko deutso Treviñok: etenbako bilakaeran dagozan aldaerak, betiko aldaerak, zalantzazko aldaerak, arrakastearenak. Hori hiru musikagileren bidez egingo dau: Elgar, Rakhmaninov eta Dvorak. 

Webern eta Lazkanoren arteko kontraste estetikoko programa batez hasiko da deporaldia, irailean, eta Sibeliusek bat egingo dau hareekaz. Zemendian, buztartu egingo ditue Dvorak eta Elgar eta, horrezaz gan, Euskal Herriko soinuetan inspirautako lan txiki bat sortzea eskatu deutso Treviñok Hough-i. Era horretan sortu da Agata, txistu eta orkestrarako partiturea. Horretarako, Garikoitz Mendizabal izango dau EOSek alboan. 

2019ko bagilera bitartean, abonu-denporaldiko 50 kontzertu eskainiko ditu EOSek, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko egoitzetan. Euskal musikeak leku zabala izango dau, bertoko konpositore eta doinuei eskainitako zikloan. Ramon Lazkanori eskainitako saioagaz hasiko da ziklo hori.

Denporaldiko ohiko emonaldiakaz batera makina bat kontzertu eta jarduera berezitan parte hartuko dau EOSek. Frantziako Versailles-era urteroko urteerea egingo dabe, ABAOren operetan joko dabe eta inguruko musikaldietan izango da orkestrea: Musika-Música, Donostiako Hamabostaldia, Festival Ravel... Hori gitxi ez, eta produkzino diskografikoan be lagunduko dau EOSek. Esate baterako, Philip Glass eta Dmitri Makhtin-en biolinerako piezen grabazinoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu