Euskereari egindako erasoak batu ditu Joan Mari Torrealdaik
2018-04-17 09:18 Euskerea berbagaiHizkuntzearen kontra esan diranak dira Asedio al euskera liburuaren oinarria.
Joan Mari Torrealdaik orain dala 20 urte idatzi eban El libro negro del euskera, historian euskereak bizi izan dauen jazarpenaren eta kontrako eretxien bildumea. Hamarkada bi pasauta, adibide gehiago topau ditu Torrealdaik, beste liburu bat egiteko beste. Asedio al euskera, más allá del libro negro (Txertoa) orain dala 20 urtekoaren jarraipena da, tesi bera dabe oinarrian.
Donostian egindako aurkezpenean Torrealdaik azaldu dauenez, euskerearen kontrako adierazpenek eta aurreretxiek ez dabe etenik izan azken urteotan, batzuek kontrakoa uste daben arren. Ganera, euskerea gitxiesteko bide barriak zabaldu dirala dino, esate baterako, negazionismo moduko bat, euskerearen kontrako erasorik inoz ez dala jazo esaten dauena. Dana ETA dala dinoan ideak be zelako kalteak eragin dituan ohartarazo dau Torrealdaik.
Euskerearen kontra hartu diran neurriak eta hizkuntzea gitxiesteko egindako adierazpenak batu ditu Asedio al euskera-n, ehundazak adibide. Badagoz antxinako kasuak, baina oraintsukoak dira gehienak. Hurrenkera kronologikoan, kapituluka banatu dau liburua Torrealdaik, eta sasoi modernoetako atala da lodiena. Batutako kasu gehienak barriak dira, hau da, ez dira agertzen El libro negro del euskera-n.
Kapitulu bakotxari lotuta, gogoetatxu bat idatzi dau Joan Mari Torrealdaik. Berbaurrea Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalariak idatzi dau, espainolaren nagusikeria gogorren kritikau dabenetako batek. Asedio al euskera gaztelaniaz dago, adibide guztiak hizkuntza horretan dagozalako eta danak euskerara itzultzeak indarra kenduko leuskiolako, Torrealdairen arabera. Euskerearen kontra berba egiten dabenakana heltzeko esperantzea be badauka autoreak, holan baten bat lotsatuko dalakoan.
Asedio al euskera liburuan batutako kasuek erakusten dabenez, euskerea kontzeptu negatiboakaz lotzeko jokerea ohikoa da. Berbarako, ETAgaz lotuta agiri da 31 kasutan eta indarkeriagaz beste 24tan. Ganera, sarritan euskerea gitxietsi eta balio bakotzat hartzen dala eta gaztelaniaren supremazismora joten dala ikusi dau Torrealdaik.
Alde batetik, euskerearen kontrako lege eta neurrien zein hizkuntzea gitxiesteko esaten diranen bildumea egitea izan da proiektu honen helburua, ez dirala jokabide isolatuak erakusteko. Baina, bestetik, euskaldunei begirako helburua be badau Asedio al euskera-k, kontzientziazinorako tresnea izan leitekela uste dauelako Torrealdaik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!