Atxurra kobearen aberastasunak, agirian
2018-04-16 12:47 KultureaPaleolitikoko artea aztertzeko egitasmoak emoitza bikainak emon ditu Diego Garateren gidaritzapean.
Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak eta Diego Garate arkeologoak agerraldia egin dabe Bilbon, Berriatuko lurretan kokatutako Atxurra kobazuloan orain arte egin dituen aurkikuntzen barri emoteko. 2015ean hasi zan Garate Atxurran lanean eta harrezkero Paleolitoko harribitxi ugari agertu dira. Aurkezpenean esan dabenez, Euskal Autonomia Erkidegoan historiaurreko grabadu gehien dituan kobazuloa da Atxurra: 113 marrazki dagoz hango hormetan.
Paleolitoko bizimodua ezagutzeko aztarnategi esanguratsua da Atxurrakoa, izan be, hormetako marrazkiakaz batera, gizakien jarduerearen beste aztarna ugari dagoz: silexezko zulakaitz bat, silexezko xaflak, hareharrizko lanparea eta abar.
Bizkaiko kobazulo eta bestelako aztarnategi arkeologikoen berrazterketearen inguruko programearen barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak Diego Garate arkeologoari deitu eutsan 2014an, Atxurrako kobazuloa goitik behera aztertu eian. Joxemiel Barandiaranek aspaldi aztertua eukan Berriatuko kobea, baina orduko teknikakaz ez zituan hormetako altxorrak ikusi. Baliabide modernoek lagunduta, Garateren lantaldeak eta espeleologoek 2015ean ikusi zituen lehenengoz milaka urtez izkutuan egondako marrazkiak.
Teknologia barriei esker (irudien tratamendua, fotogrametria, 3D topografia ...), horma-arte paleolitikoa aztertzeko eta dokumentetako lanetan, orain arte, animalien 113 marrazki topau ditue Atxurran; batez be, bisonteak eta zaldiak agiri dira eta, neurri askoz txikiagoan, ahuntzak, uroak, oreinak eta abar. Hortaz, Euskal Herrian irudikapen gehien dituan santutegi paleolitikoa da.
Ganera, kobazuloan 500 ikatz-hondakin topau eta laborategian aztertu ditue. Horri esker jakin dabe ze argiztapen erabili eben artistek kobazuloan sartzeko eta artelanak egiteko. Zaldien plataforman lau argiztapen-gune agertu dira eta Bisonteen aretoan lanpara mobikor bat, hareharrizko ertza dauena eta aldeetako bat hutsik, erregaia han jarteko. Ikatz-hondakin ugari dagoz sakabanatuta, eta horrek adierazoten dau egurrezko zuziak be erabili zituela argiztatzeko.
Bizkaiko Arkeologi Museoak hilero antolatzen dauen Museoa piezaz pieza programearen barruan, kobazuloan orain dala 14.000 urte sartutako personek Atxurrako hormetan grabaduak egiteko eta barrutia argitzeko behar izan zituen tresnak ikusi ahal izango dira. Silexezko zulakaitz bat, bost xafla eta hareharrizko lanpara bat bertatik bertara ikusi ahalko dira apirilaren 17tik 29ra.
Diego Garatek zuzendutako talde zientifikoan, lur azpia ezagutzeko hainbat alorretan (arkeologia, geologia, topografia, argazkilaritza, espeleologia eta abar) espezialistak diran hogei bat lagun dagoz, eta kobazuloko ebidentzia arkeologiko guztiak topau, dokumentau eta aztertzen dabiz. Proiektuak bost urte iraungo ditu (2016-2020), eta bertatik bertara egindako lau kanpaina hartzen ditu, baita kabineteko beste azken kanpaina bat be, memoria eta azken monografia idazteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren Kobie aldizkariko BAI sailean argitaratuko dana.
Lorea Bilbaok zera azpimarratu dau: Atxurran gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko informazino parebakoa lortu da. Berreskuratutako dozena bi silexezko pieza mikroskopioz aztertzearen ondorioz, artistek euren artelanak sortzeko ze lanabes erabili zituen jakin dogu, nondik atera zituen lehengaiak, zelan sortu zituen lanabesak eta zelan aplikau hormen kontra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!