Bizkaiko Txakolinaren uztea aurkeztu dabe
2018-04-16 10:21 Jan edanakTxakolingileak eta erakundeetako ordezkariak batu dira San Mamesen egindako ekitaldian.
Aurtengo txakolinaren uzta barria aurkezteko, Bizkaiko Txakolin Eguna egin dabe Bilboko San Mames futbol zelaiaren instalazinoetan. Ekitaldian honeek egon dira: Elena Unzueta Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasun diputadua, José Luis Gómez Bizkaiko Txakolinaren Kontseilu Arautzaileko presidentea, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalidade eta Industriako zuzendaria, eta aurtengo uztearen ordezkari diran Maribel Salas aktorea eta Igor Yebra jantzaria.
Elena Unzuetak azaldu dauenez, aurtengo Txakolin Eguna San Mamesen eginda, Bizkaiaren enbajadore bi batu dira, Athletic eta txakolina: Biek egiten dabe onenen artean egoteko etenbako ahalegina, biek dabe zelaian eta mahastian dana emoteko adorea, biek dabe handien aurrean jarri eta euren kontra egiteko indarra; Bizkaikoak izateaz harro dagoz eta bikaintasuna bilatzen dabe, adierazo dau diputaduak.
Unzuetak ganeratu dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak bertoko txakolinaren aldeko apustuari eutsiko deutso eta erronken artean aitatu dau publiko barrietara heltzeko beharra. Bizkaiko txakolinaren konsumoak gora egin dau, baina sektorea garatzen segidu behar da eta txakolina edateko momentu barriak gizarteratu, diputaduaren ustez.
Bizkaiko Txakolinaren Kontseilu Arautzaileko zuzendaritza barriaren aurrean esan ditu horreek berbak Unzuetak. Bizkaiko Foru Aldundiak produktu horri laguntzeko martxan dituan ekimenak gogoan hartu ditu: diru-laguntzinoez gan, laguntza teknikoa emoten jake Zallako Frutagintzako Estazinoan eta Derioko Landareen Babeserako Zentroan, mahastizaintzan, enologian eta izurriteen eta gaixotasunen diagnostikoan. Kontseilu Arautzailearen zuzendaritza-batzorde barriak alboan izango gaitu sektoreak etorkizunera begira dituan erronkei aurre egiteko, adierazo dau diputaduak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!