Ezra Pound eta Al Berto, Poesia Kaieretan

Bizkaie! 2018-04-13 09:16   Kulturea

Luigi Anselmi eta Joxemari Sestorain izan dira itzultzaileak.

BeƱat Sarasola, Luigi Anselmi eta Joxemari Sestorain (argazkia: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko olerkigintzearen autore handiak euskerara ekarteko lan luzean, beste pausu bi egin ditu Susa argitaletxeak. Poesia Kaierak sailera batu ditue Ezra Pound estadubatuarraren eta Al Berto portugaldarraren bilduma bana. Biak dira XX. mendeko literatura unibersalaren ordezkari nabarmenak.

Ezra Pound, ospe handiko idazlea dan arren, gitxitan irakurri ahal izan dogu euskeraz. Bernardo Atxagaren Etiopia-n agiri dira haren erreferentziak, eta olerki solte batzuk be euskeratuta dagoz. Luigi Anselmik poemategi zabalagoa itzuli dau Poesia Kaieretarako, estadubatuarraren uniberso oparoaren lagin bat euskal irakurleari eskaintzeko asmoz.

Idahon jaio bazan be, 1885ean, gaztetan Europara joan zan Pound, eta bertan geratu. Hortaz, Estadu Batuetakoa zan arren, idazle deserriratua izan zala be esan leiteke. Faxismoa babestu eban eta II. Mundu Gerrearen ostean kartzelan eta ospitale psikiatriko baten preso euki eben. Italian hil zan, 1972an.

Modernismoaren hasierako urteetan autore garrantzitsua izan zan Pound eta Imagismoa izeneko mobimenduaren sorburuan be egon zan. Txinako eta Japoniako tradizino literarioak sakon aztertu zituan. The Cantos izeneko bilduma luzea da Pounden lanik aitagarriena: Berez, 120 ataleko poemategi epikoa izan behar zan, baina ez eban guztiz amaitu.

Al Berto, ostera, XX. mendeko Portugalgo idazlerik aitatuenetako bat da, erreferentzia letra portugesetan. Euskeraz, baina, ez dago haren poemarik, Poesia Kaieretako zuzendari Beñat Sarasolak azaldu dauenez. Kontuak kontu, Joxemari Sestorainek dakarren antologia balio handikoa da euskal irakurleek autore honen barri izan daien. 1987ko O Medo hartzen da Al Bertoren poesiaren erakusgarri nagusitzat. Sestorainen itzulpenaren oinarria, baina, O ultimo coraçao do sonho izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu