Igazko Udaltop funtsezkoa izan zan danon artean lantzen gabizan Euskaraldiaren proiektua gorpuzteko
2018-04-13 08:30 Euskerea berbagaiTopaketea Lasarte-Orian egingo dabe, maiatzaren 17an eta 18an.
Udaltop, Euskera Zerbitzuen Topaketea hamargarren ekitaldira helduko da maiatzean, Eusko Jaurlaritzako, Topaguneko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Lasarte-Oriako Udaleko ordezkariek agerraldi baten azaldu dabenez. Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak izango da izenburua eta bertan azaltzen danez, Euskaraldiaren ingurukoak izango dira gai nagusiak.
Bederatzigarren edizinoan hasitako bideari jarraipena emongo deutsie. Ate joka doguzan erronkez hausnartzeko eta hurreko etorkizuneko estrategiak zirriborratzeko erabili nahi dogu aurtengoa, aurreratu dau Estibaliz Alkorta Jaurlaritzako Euskerea Sustatzeko zuzendariak. Igazko Udaltop funtsezkoa izan zan danon artean lantzen gabizan Euskaraldiaren proiektua gorpuzteko.
Bide horretan, salto kualitatiboa emongo dabela nabarmendu dau Jon Antxordoki Lasarte-Oriako Euskera Batzordeko lehendakariak. Aurreko edizino gehienetan Udaltopen helburuak izan dira esperientziak trukatzea eta hausnarketea sustatzea; azkeneko urte biotan esperientziak alkarregaz abiatzea da helburua.
Alkarlanaren erakusgarri da instituzino eta eragileen arteko lankidetzea. Horregaitik, 10. Udaltop topaketearen antolakuntzan Euskaltzaleen Topagunea sartu da. Euskerea Euskal Herri osoan egunero normal erabili ahal izatera heltzeko, ezinbestekoa da herritarrek, gizarteak eta erakunde publiko eta pribaduek batera ekitea, adierazo dau Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. Alkarregaz ekitearen ondorio garrantzitsuetako bat da Euskaraldiak sekulako ilusinoa sortu dauela herritarrakan, eta ilusino hori bihurtu behar dogu euskaldun guztiak suspertzeko motorra, ganeratu dau.
Kontuak kontu, 10. Udaltop maiatzaren 17an eta 18an egingo dabe eta egitarau oparoa izango dau. Lehenengo egunean, 2018ko Euskaraldiaren ganeko barrikuntzak, esperientziak eta ikerketak aztertuko ditue. Barikuan, maiatzaren 18an, datorren urteko Euskaraldiaren lehenengo harria jarriko da. Eusko Jaurlaritzeak eta Topaguneak oinarrizko proposamen bat aurkeztuko dabe eta bertaratutako guztien ekarpenak jasoteko erabiliko dabe topaketea.
Guztira, bederatzi ponentzia, proposamen barri baten aurkezpena, proposamenari ekarpenak egiteko saioa, ekarpen lanaren ondorioak eta amaiera ekitaldia jasoten ditu aurtengo egitarauak, baita hamargarren edizinoari lotutako sorpresaren bat edo beste be. Sorpresea izanik, ez dabe pista gehiagorik emon: Eguen arratsaldeak lanetik zein ospakizunetik izango dauela baino ez dabe aurreratu.
Matrikulazinoa Udaltopen webgunean egin behar da, izen-emotearen atalean, eta epea zabalik dago, maiatzaren 4ra arte. Prezioa 65 € da eta hor sartzen dira: jardunaldien saioetako partaide izateko eskubidea, hasieran banatuko dan materiala, egueneko bazkaria eta egun bietako aho-gozagarriak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!