Mina ospakizun bihurtu dau Doctor Deseok

Dabi Piedra 2018-04-12 13:06   Musikea

CDa, DVDa eta liburua dakarz La fuerza de la fragilidad, palabras ante el espejo lanak (Baga-Biga).

Doctor Deseoko kideak, Bilbon, diskoaren aurkezpenean | Ikusi handiago | Argazki originala

Makaltasunetik eta txikitasunetik gauza ederrak egin leitekezala erakusteko asmoz atera dau Doctor Deseo taldeak disko barria. Izan be, norberaren barruko minak, ardurak eta bildurrak dira abestien oinarria, baina horri ez deutsie zentzun negatiborik emon nahi izan. Kontrara, makaltasun horretatik indarra atera leitekela aldarrikatzen dau Bilboko seikoteak. Horregaitik, disko barriko abestiak ospakizuna dira, jantzarako aproposak.

Francis Diezek azaldu dauenez, heriotza bat izan zan diskoaren abiapuntua. Hurreko persona bat hilteak zer pentsaua emon eutsan Doctor Deseoko abeslariari. Konturatu zan bizitzeak mina dakarrela sarri, baina hortik zeozer positiboa atera eban: Mina sufridutea ez dogu geuk aukeratzen, baina min horri zelan aurre egin, bai, adierazo dau. Ahultasunetik eta txiki izatetik indarra eta sendotasuna aterateko deia egin dau.

Era berean, indarraren kontzeptua ulertzeko beste modu baten aldarrikapena be bada La fuerza de la fragilidad, palabras ante el espejo. Betidanik nagusi izan dan gerrearen, burrukearen inguruko indarkeria hori alboratu eta makaltasunak eragiten dauen indarra behar dala dino Doctor Deseok. Txikiak eta makalak garela ez onartzearren, gauza ikaragarriak egitera heldu dira persona batzuk, baina gure minak agertzea be indar erakustaldia da, heriotzea hor dagoala jakinda be aurrera egiteko eta positiboa izateko, horretarako be sendotasuna behar da, dino Francis Diezek.

Minaren ospakizun horretatik jaio da, beraz, Doctor Deseoren lan barria, elementu nagusi bitan oinarrituta: Rocka eta jantzea. Abesti lasaietan zein gogorretan, beti emoten dogu jantzarako aukerea, dino Diezek. Rock klasikoaren doinuak sartu doguz, baina dance garaikidearen alorrera eroanda. Berbak be alaiak dira eta entzuleak bardin topauko ditu Vive la vida loca abestiari zein Friedrich Nietzsche filosofoari egindako erreferentziak.

Diskoak berak, hau da, CDak, zortzi abesti dakarz, eta hiru bonus track. Zazpi barri-barriak dira eta zortzigarrena, Que me quiten lo bailado, Doctor Deseoren hasierako urteetako abesti baten, Escupe a la muerte-ren, bersinoa da. Goitik behera aldatu dabe abesti originala, berez eukan tonu iluna argitzeko. Doctor Deseok ohi dauen moduan, euskerazko abesti bat be sartu dabe, Nire munstroa.

Baina zortzi abesti horreek proiektu honen lehenengo zatia baino ez dira. DVDa eta liburua dira beste biak. DVDan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz grabautako hiru abestiren bideoak ikusi eta entzun leikiez zaleek (CD-ko hiru bonus trackak horreek hiru piezak dira). Orkestreagaz jotea zerutik hur egoteko modurik aproposena da musikan, adierazo dau Francis Diezek. Hasieran arduratuta onartu eban erronkea, baina esperientzia bikaina izan dala dino. Diskoko Adiós kantearen bideoklipa be badakar DVDak.

Liburuan, ostera, Doctor Deseoren ibilbide luze eta oparoko 138 abestiren berbak idatziz ipini ditue, ondo jagondako diseinu batek lagunduta, Lur Merinok egina. Diseinu magikoa dala dino Francis Diezek.

Behin diskoa aurkeztuta, zuzenean joten hasteko astirik ez dabe galduko Doctor Deseokoek. Lehenengo kontzertua etzi, hilaren 14an, emongo dabe, Durangoko Plateruenan. Gasteizen, Donostian, Bilbon eta Iruñean be egongo dira, besteak beste. Agendea zarratu barik daukie, baina 30 bat kontzertu emotea da euren asmoa. Guzti-guztietan dana emoten urtengo dabela agindu dau Francis Diezek, gu ez gara musikearen funtzionarioak, geure burua hutsituten dogu kontzertu bakotxean. Ganeratu dauenez, egurra emoteko prest dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu