'Euskerearen Lagun' diran saltokien Sarea aurkeztu dabe Getxon

Bizkaie! 2018-04-12 10:29   Euskerea berbagai

Establezimenduen eta euskeraz artatua izan nahi daben bezeroen artean zubia eregiteko asmoa dago.

Merkataritzan euskerearen erabilerea bultzatzeko, udalerriko dendariek eta ostalariek adierazotako borondatea oinarri hartuta, aurkeztu dau sarea Getxoko Udalak. Holan, parte-hartzaileek euskerearen aldeko jarrerea erakusten dauen Txantxangorriaren irudia ipiniko dabe establezimenduetan, herritar guztiei euskerea erabilteko konbita egiteko asmoz. Asmoa da Euskerearen Lagun diran saltokien sarea eta euskeraz artatua izan nahi daben bezeroen artean zubia eregitea, azaldu dau Koldo Iturbe Euskera zinegotziak. Sare horretan parte hartu leikie euskeraz atendiduteko gaitasuna daben lokalek, baita gaitasuna ez dabenek baina nahia eta borondatea dituenek be, eta horregaitik idatzizko elementuak euskeraz zein ele bietan jarteko konpromisoa adierazoten dabe.

Getxoko Udalak jakinarazo dauenez, sare honen kidea izateak abantailak ekarriko ditu negoziorako: Balio erantsia izatea, saltokia etorkizunerako atontzea, Getxon garrantzitsua dan herritar kopuru baten aurrean konfiantzea eta hurrekotasuna transmitidutea, herrian heren bat euskalduna dalako eta beste heren bat ulertzen dauelako eta konpetentziari aurre egitea.

Modu berean, sareko establezimenduek hurrengo arlo bietan lan egiteko konpromisoa adierazo dabe: Bezeroari arretea; lehen berba euskeraz egiten eta jentaurrean ipinten diran idatzi, errotulu edo iragarki komertzial guztiak euskeraz zein ele bietan eukita.

Saltokiek hartu dituen konpromisoak bete ahal izateko, Udalak materialak, zerbitzuak eta laguntzinoak eskainiko deutsiez doban negozioei: Bezeroari euskerazko arretea bermatzeko gida metodologikoa, euskerearen Txantxangorria ikurra daben euskarriak, barruan nahiz kanpoan jarteko (biniloak, txapak, kartelak, erropan jarteko itsasgarriak…), produktuak eta zerbitzuak katalogo bidez, hau da, errotuluak ipinteko diru-laguntzinoak, dobako itzulpen, maketatze eta inprimatze zerbitzua, aholkularitza zerbitzu personalizatua… eta euskerearen lagun diran saltokien sarearen zabalkundea.

Horrezaz gan, Udalak merkatariei eskainitako produktuak eta zerbitzu guztiak batzen dituan www.getxo.eus/euskara/katalogoa webgunea sortu dau.

Udala dagoeneko merkataritza eta ostalaritzako 2.000 saltokigaz jarri da hartu-emonetan sarean parte hartu deien. Herritar guztiek euskerea erabili deien animau nahi doguz, goraipatuz euskereak badauela tokia merkataritzan, baita ostalaritzan be. Aldi berean, getxotarrak animau nahi doguz aurreko baldintzak beteten dituan negozioren bat ezagutzekotan, udalari jakinarazoteko eta sarean sartzeko konbita be egiteko, danon artean euskerearen erabilerea sustatzeko, gehitu dau zinegotziak. Hori euskara.zerbitzua@getxo.eus posta elektronikoaren edo 688 675 345 Watsapp zenbakiaren bidez egin leikie herritarrek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu