Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak hitzarmena barritu dabe
2018-04-11 12:31 Euskerea berbagaiLiteraturearen transmisinoan, euskerearen erabilera sozialean eta hizkuntzearen kalidadean alkarlanean jardungo dabe.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Juan Mari Aburto Bilboko alkateak goizeon sinatutako agirian jasoten danez, Euskaltzaindiaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena beste urte batez egongo da indarrean. Dagoeneko hamar urtetik gora daroez alkarlanean erakunde biek. Udalak 35.000 euro emongo deutsoz Akademiari, euskal literaturearen ikaskuntza sakona bultzatzeko, hizkuntza-aholkularitzea bermatzeko eta euskerearen erabilerea sustatzeko.
Hitzarmenean hainbat konpromiso zehatz adostu ditue: Euskerearen normalizazinoan eta garapenean Udalaren aholkulari izango da Euskaltzaindia eta herritarrei be euskerearen inguruko argibideak emongo deutsiez. Ganera, Bilboko Plaza Barrian daukan egoitza nagusia eskainiko dau Akademiak, berbaldi, jardunaldi eta bestelako jarduera kulturalak zein sozialak antolatzeko.
Aurreko urteetan hasitako ekimen batzuei be eutsiko deutse Euskaltzaindiak; alde batetik, Bilboko euskalgintzan nabarmendu diranen biografiak argitaratzen segiduko dau. Aurten Xabier Kintanaren inguruko liburua argitaratzea aurreikusi dabe. Beste alde batetik, 2017ko udagoienean lehenengo aldiz egindako Astelehen Buruzuria zikloa barriro antolatuko dabe. Plaza Barriko egoitzan musika akustikoa eta barriketaldiak buztartzen ditu ziklo horrek, astelehen iluntzeetan.
Akordio hau euskerea sustatzeko Bilboko Udalak dauen ekintza-planaren barruan sartzen da eta hiru helburu estrategiko hartzen ditu: euskerearen transmisinoa, erabilera soziala eta hizkuntzearen kalidadea. Azken helburu horretan funtsezko eginkizuna dau Euskaltzaindiak, hizkuntzearen normalizazinorako beharrezkoa dan estandarizazinoa jagoteko eta euskereak arlo guztietan bizirik iraun daian, Udalak azpimarratu dauenez.
Amaitzeko, Euskaltzaindiaren mendeurrena gogoan izan dabe erakunde bietako ordezkariek. Aurten beteko ditu 100 urte, beti Bilbori lotuta, izan be, sortu zanetik gaur arte, egoitza nagusia urian izan dau Akademiak, Euskal Herriko lau Foru Diputazioen babesagaz eratu bazan be. Mendeurreneko ekitaldien babesleetako bat izango da Bilboko Udala.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuak, euskerearen ganean, aholku-erakunde ofizialaren mailea emon eutson Euskaltzaindiari; esangura horretan, bere eginkizunak euskerearen gramatikearen arauak ikertzea eta emotea, euskerearen erabilerea bultzatzea eta euskerearen eskubideak jagotea dira.
Aurreneko lau euskaltzainak, 1919an, Resurrección María de Azkue, Luis Elizalde, Julio Urkixo eta Arturo Campión izan ziran; lehenengo Euskaltzainburua, barriz, Resurrección María de Azkue.
Hasieran, Euskaltzaindiak sail bi zituan: euskal ikerleen saila eta jagoleena; lehenengoak euskerearen arazo linguistikoak bideratzen zituan eta bigarrenak, barriz, gizartearen esparru guztietan bultzatzen eban euskerearen erabilerea.
Gaur egun, 29 euskaltzain oso –botoa eta erabagiak hartzeko ahala dabe- eta emeritu ditu, ohorezko 34 euskaltzain eta 149 euskaltzain urgazle, danaka be batzordeetako lanetan parte hartzen dabenak. Euskaltzainburua Andrés Urrutia da 2005etik.
1920tik hona Euskaltzaindiak Euskera izeneko argitalpen ofiziala argitaratzen dau.
Aurtengo urrian hasi eta 2019ko irailera bitartean, mendeurrena ospatuko dau erakundeak. Ospakizunetan Bilboko Udalaren eta Euskal Herriko ganerako erakundeen laguntzinoa izango dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!