Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko herri kontakizunak batu ditu Maialen Morenok

Bizkaie! 2018-04-10 13:36   Euskerea berbagai

Istorio laburrak eta horreen analisia dakarz EHUk argitaratutako liburuak.

Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan: bilketa, sailkapena eta irriaren adierazpenaren azterketa izenburudun liburua aurkeztu dau egunotan Maialen Morenok. Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan ahoz kontetan diran istorioak batu ditu, gehienak laburrak, era askotakoak. Autoreak berak azaldu dauenez, eguneroko jazoeren ingurukoak dira batzuk, barre eragitekoak be badagoz, elezaharrak...

Hainbat zati ditu argitalpenak. Lehenengo zatian, kontakizunen corpus aberats horren inguruko azterlana dago, Morenok berak egina. Zelako istorioak diran, orain arte zelan sailkatu izan diran eta abar azaltzen dau autoreak hor. Bilketea egiteko metodologiaren ganeko datuak be emoten ditu.

Bigarren partean, batutako kontakizun guztien transkripzinoa dago. Hortaz, era horretako istorio laburrak gustuko dituenentzako aproposa da liburua. Herritarrek ahoz aho kontau dituen modura jasota dagoz, modu bizi eta adierazkorrean.

Maialen Morenok zehaztu dauenez, Erdi Arotik hasita badira behin eta barriro agiri diran antzeko gai barregarri batzuk. Baliokide zaharren artean garbienak, adibidez, XV. mende hasieran Poggio Bracciolini latinista italiarrak jasotako kontakizunak dira. Beste hizkuntza batzuetan topautako istorio baliokideak liburuan aitatu ditu autoreak. 

Azkenik, barrearen adierazpena be jorratzen dau argitalpenak. XX. mendearen hasieran Bergson-ek eta Freud-ek umoreaz egindako teorizazinoak gure kontakizunetan aplikau doguz, esan dau Morenok. Liburu hau interesgarria izan daiteke umorearen gaia gustoko dauenarentzat, kontakizun laburrakaz gozatu nahi dauenarentzat eta kontakizun labur horreek historian izan daben bilakabideaz gehiago jakin nahi dauenarentzat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu