Hizkuntzakeriaren arrautzea
2018-04-10 08:14 Euskerea berbagaiGogoetea plazaratu dau Patxi Saez soziolinguisteak, elebitasunaz eta euskerearen eta inguruko hizkuntza hegemonikoen artean dagoan desorekeaz.
Hizkuntzakeriak jotako hizkuntzeak hegaztien arteko kukuaren moduan jokatzen dau. Aurrena, auzoko txoriaren habian bere arrautzea jarten dau, baita euskerearen ikur bihurtuta daukien txantxagorriaren habian be, eta, ondoren, arrautza horretatik jaiotako kuku kumeak legez jokatzen dau: inguruko arrautza guztiak habiatik bota eta akabatzen ditu, habian bera bakar-bakarrik geratzeko. Hain zuzen be, hizkuntzakeriak euskerearen habian horretarako jarri dau elebitasunaren arrautzea.
Gaztelaniaren eta frantsesaren hizkuntzakeriak elebitasun mueta bat eta bakarra bultzatzen dau: gaztelaniaren nahiz frantsesaren nagusitasunari eustea eta betikotzea helburu dauen elebitasuna. Elebitasun mueta horren arabera, menpeko hizkuntza gitxituak, gurean euskereak, identidadearen funtzinoa beteten dau eta, hizkuntza nagusiak, menperatzaileak —gurean gaztelaniak eta frantsesak—, komunikazinoaren funtzinoa. Elebitasun mueta horrek bultzatzen dauenaren arabera, hiztunek ez daukie hizkuntza gaitasun berbera gizarteko bi hizkuntzetan. Gaitasun eta erraztasun handiagoa dabe gizartean komunikazinoaren funtzinoa beteten dauen hizkuntza menperatzailean, gizartean erabateko nagusitasuna dauen hizkuntzan. Eta gaitasun kaskarragoa, barriz, hizkuntza gitxituan, hizkuntza horretan komunikazinoa oztopatu eta ezinezkoa bihurtzerainokoa. Beraz, gizartean ahulagoa dan hizkuntzeak, gurean euskereak, identidadearen funtzino sinbolikoa beteten dau —euskaldun izatearena— eta gaztelaniak nahiz frantsesak, aldiz, hizkuntza guztiek daben funtzinorik garrantzitsuena, komunikazinoarena.
Elebitasun hau menpekotasunezko elebitasuna dogu, hizkuntza nagusiak nagusi izaten jarraitzen dauelako eta menpeko hizkuntza gitxituak bere ahulezia eta menpekotasuna betikotzen dauelako. Menpekotasunezko elebitasun honen gakoa hizkuntza gaitasunean dago. Izan be, hizkuntzen arteko menpekotasuna hizkuntza gaitasunean ardaztuta dago, hizkuntza gaitasunaren nagusitasunak hizkuntzearen gizarte nagusitasuna dakarrelako.
Hain zuzen be, gaur egun, azaldu dogun menpekotasunezko elebitasun horixe dogu indarrean Euskal Herriaren luze-zabalean, arnasgune gitxi batzuetan izan ezik. Gaur-gaurkoz, gure artean, gaztelaniak eta frantsesak, bakotxak bere eragin eremuan, erabateko nagusitasuna dabe gizarteko komunikazino hizkuntza legez. Euskereak, aldiz, berbadun barrien artean batik bat eta eremu erdaldunetan bereziki, identidadearen funtzinoa baino ez dau beteten, gutartasunaren funtzinoa, tribuko kide sentiarazoteko funtzinoa; eta, eguneroko gizarte bizitzan, barriz, euskerearen erabilerea oso apala da.
Beraz, euskerearen etorkizuna berezko hiztunakaz trinkotutako harreman-sareak etxez etxe, herriz herri eta uriz uri hedatzean datza. Euskeraz beste edozein hizkuntzatan baino gaitasun eta erraztasun handiagoa daben euskaldunak dira euskerearen berezko hiztunak; euskerea dabenak euren kolkorako, euren kautarako, barruko berbeta eta gogoetarako tresna. Azken baten, berezko mintzoa euskerea dabenak, ardatz-hizkuntza euskerea dabenak: euskeratik eta euskeraz bizi diranak. Gaur egun, euskerearen berezko hiztunak, batez be, Amezketa, Aulestia, Leitza eta Azpeitia lako arnasguneetan dagoz eta ugariak dira hamar urte arteko neska-mutikoen artean.
Euskerearen berezko hiztunek badabe ezaugarri bat: gaztelania ulertzeko hainbestean moldatzen dira, arazo barik, baina berba egiteko ez dabe euskeraz adinako erraztasunik. Erdal eremuko hiztun barriei euskereagaz jazoten jakenaren antzera, baina ez neurri berean, askoz txikiagoan.
Hain zuzen be, Espainiako nazionalismo linguistikoak euskerearen hiztun horreek zigortu izan ditu batez be. Gaztelaniaren nagusitasunaren jagoleek garrantzia ikaragarria emoten deutsie gaztelania zuzen eta egoki erabilteari, jakin badakielako hor jokatzen dabela gaztelaniaren nagusitasunaren etorkizuna. Horregaitik, gaztelania euskerearen doinu eta egituratik berba egiten daben euskerearen berezko hiztun horreek gaztelaniaren hizkuntzakeriatik bultzatutako burla eta isekak jaso izan ditue. Euskerearen kontrako hizkuntzakeria erasokorra eta krudela jazo zan joan dan XX. mendean bizi izan ziran euskerearen azken hiztun elebakarrakaz. Gaur egun, oraindino be, euskerearen berezko hiztunen memoria kolektiboan iltzatuta dago hizkuntzakeria ha eta gaztelaniagaz arazorik izan daitekeenaren bildur-haize horrek eragina dau erderaz ondo egiten ikasteko.
Burla eta barrea potere egitureari lotutako tresnak dira. Gaztelaniaren hizkuntzakeriaren sustatzaileek, umiliazinoaren bidez, euskerearen hiztun elebakar hareek gaztelania zuzen eta artez ikastea lortu nahi eben, alde batetik, eta, bestetik, euskerearen erruagaitik euren burua barregarri ixten ebela eta euskereak gizartearen erdigunetik, gaztelaniaren erdigunetik, gizartearen periferiara, euskerearen periferiara, urruntzen zituala ikusiarazo nahi eutsien euskaldun peto hareei. Beste era batera esanda, gaztelania integrazinoa ebela eta euskerea bazterketea.
Kontrapuntua, barriz, hizkuntza gitxituaren sustapenean dabizan eragileek jarten dabe. Ahuldutako hizkuntzearen txingarra hauspotze lanetan dabizanek hizkuntza gitxituan trakets berba egitea bultzatzen dabe komunikazinorako oztopo handiak dituen hiztunen artean; berba egitea, trakets bada be, ez berba egitea baino hobea dalakoan, hizkuntza gitxitua indarbarritzeko. Eta hara non gertatzen dan paradoxea: hizkuntza nagusian ez dira ezelan be onartzen hizkuntza gitxituan onartzen diran akats eta trakeskeriak. Hau da, nagusitasun egoeran dagoan hizkuntzeak bere sendotasunari eusteko ez dau hizkuntzea trakets erabiltea onartzen, eta ahulezia egoeran dagoan hizkuntzeak, barriz, egoera hori gainditzeko eta hobetzeko hizkuntza trakets erabiltea onartu eta bultzatzen dau. Holan, Eusko Jaurlaritzeak bere garaian sustatutako Pixka bat es mucho ha berehala txarretsi eben hainbat euskaltzalek Un poco da as(c)ko itzulpena eta berba-jokoa eginez.
Orain hurrena, Bilboko gaztelaniaren zulokotean jaio, bizi eta eskoleak euskaldundu dauen Aitor Zurdo gazteak holan idatzi eban Zuzeu agerkari digitalean: Bilbon errealidade erdaldunak inguratu eta itoten dau euskerea. (...) Edozelan be, euskerearen burruka horretarako, nik beste slogan hau aukeratuko neuke: Elebakarra da, bide bakarra! (...) Euskerea aldarrikapena baino, hiztunentzat komunikazinorako tresna naturalena izan behar da.
Eta bere senetik eta esperientziatik topautako bidea proponidu deusku Aitorrek: Gitxi gorabehera ingelesagaz dogun egoerara heltzea, baina erdereagaz. Hau da, ulertu bai, baina erabat menperatu ez.
Maialen Lujanbio bertsolariak, barriz, holan azaldu dau bide hori: Marrazteko konpasak orratz bat izaten dau, eta orratz hori finkatutakoan zirkuluak marrazten dira beste besoagaz. Eta jakina, orratz hori zenbat eta finkoago sartuta egon, orduan eta lasaiago, errazago eta zabalago edegi ahal izango dogu zirkulua. Bada, hizkuntzeagaz bardin. Guk orratza euskeran sendo finkatuta baldin badaukagu, orduan eta bildur gitxiago izango dogu beste hizkuntzetara zabaltzeko, ez dogulako gure oinarria galtzeko arriskurik izango. (...) Era berean, iruditzen jat gure eleaniztasunaren subertea sentidu eta aldarrikatu behar dogula. Askotan arazotzat bizi dogu eleaniztasuna, ondoko hizkuntzak nagusiagoak diranez, bildur garelako gurea zurrupatuko ete daben, baina lortzen badogu euskerea ardatzean finko lotzea ez daukagu ezeren bildurrik izan beharrik. Gu ez gara erdia; gu doblea gara, eta ez dogu zertan lotsatu.
Patxi Saez Beloki. Soziolinguistea eta Euskaltzaindiaren Sustapen batzordeko kidea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!