Imanol Ubeda: 'Hasibarriaren umiltasunagaz gatoz plazara'
2018-04-09 12:18 BarriketanDon Inorrez proiektuko musikaria
Gitarrea eskuan, Imanol Ubedak bere lehen bakarkako diskoa kaleratu dau, Mugiro bila. Orain dala urte bi ekin eutson ibilbideari Bide Ertzean taldea desegin eta berehala.
Proiektu barri honetarako Don Inorrez izen artistikoa aukeratu dau eta orain be pop ikutuari eutsi badeutso be aldeak dagozala azpimarratu dau, doinu zikinagoak landu ditu eta berbak be ironikoagoak eta zirikatzaileagoak dira. Hilaren 12an, eguenean, eskainiko dau aurkezpen kontzertua Bilboko Kafe Antzokian.
1.- Orain dala urte bi desegin zenduen Bide Ertzean taldea aldi baterako. Ibilbide luzeko proiektu bat alde batera laga eta berehala Don Inorrez bakarkako proiektua lantzen hasi zinan. Zelan izan zan?
Bide Ertzeanen etenaldia iragarri genduanean, ni kantuan jarraitzeko gogoz nintzan. Bitxia badirudi be, Bide Ertzean taldeko ganerako kideek animau ninduen gehien. Ordura arte, sekula ez neban neure burua bakarlari moduan ikusi. Baina etenaldiagaz batera etorri zan Don Inorrez gorpuzteko sasoia. Esan behar dot ezinbesteko bidaide eta konplize izan dodala Karlos Arancegui bateria jotzailea. Bera animau izan ez balitz, ez dakit honaino helduko nintzan.
2.- Karlos Aranceguigaz 18 urte emon dozuz Bide Ertzeanen joten eta orain be bidea alkarregaz egiten jarraituko dozue. Hainbeste urte eta gero, erraza da estilo eta nortasun zehatz batetik iges egitea? Zelan lortu dozue?
Ez, ez da erraza, eta akaso akats handiena hori da. Zure estilotik iges egin nahi izatea. Don Inorrez-egaz abiatu ginanean, kezka hori geunkan. Eta beste zeozer egiteko asmoari heldu geuntsan. Baina berehala jaubetu ginan kantak egiteko modu bat dogula eta ez ebala zentzu handirik kontra ibiltea. Soinukeran eta testuen tonuan topau doguz gure kantaerea barritzeko osogaiak.
3.- Don Inorrez izena jarri deutsazu proiektuari. Bide Ertzeanen zortzigarren lanaren izena be bada. Zergaitik izen hori?
Egia esan, aldi berean etorri ziran biak: egitasmo barria martxan jarteko gogoa eta izengoitia. Nire izena oso arrunta dala deritxot. Don Inorrez izengoitiak, aldiz, badau beste indar bat, beste glamour bati. Uste dot sugestinoa inportantea dala rock and rolla egiteko orduan eta Don Inorrezek badau hortik zeozer.
Bide Ertzeanen kantu baten izenburua be bada. Eta kanta horretan, bestelako zentzua dau Don Inorrez personaiak. Baina tira, uste dot proiektu barria izentetako be nahiko egokia dala.
4.- Musikeari jagokonez, pop doinua landu dozu oraingoan, baina doinu zikinagoak dirala dinozu, zergaitik?
Abestiak melodikoak dira, baina soinukerea aratza da, garbia. Bestelakoa izan eitekean diskoaren airea. Baina abesti honeentarako oso jantzi ederra zala uste genduan. Dirty pop dalakoak bere barruan dauen oihartzun zikin hori oso gustuko dogu. Sarri landu dan jokerea da. Ez dogu ezer asmau. Kontraste hori oso ohikoa da gure gustuko talde askotan. Kantu honeek hori behar ebela uste eitekean eta horren bila joan gara.
5.- Cadizen grabau dozu bakarkako lehen lan hau. Zer bilatu nahi zenduan?
Ibilbide barri bat hasi nahi neban. Zerotik hasi, labur esatearren. Ezezaguna jatan ingurune baten, ezezagunak egiten jatazan musikariakaz, arrotza jatan estudio baten. Neure burua berrasmetako ekosistema barri bat bilatzen nengoan.
6.- Paco Loco produktoreagaz batera grabau dozu diskoa. Zein izan da bere ekarpena?
Intuizinoz jo genduan Cadiz aldera. Aranceguiren idea izan zan. Produktorea izateaz gan, gitarra jotzailea be bada eta piano, baxu edota sintetizadoreakaz be ondo moldatzen da. Horrezaz gan, ahotsen moldaketak egiten trebea da. Gatxa da bere ekarpena lerro gitxi batzuetara ekartea. Guk kantuen hazurdurak eroan genduzan Cadizera eta berak eregi eban abesti bakotxaren soinukerea.
7.- Aurretik ezagutzen zenduan?
Nik ez, baina Karlos Aranceguik bai. Diskoren bat grabau eban haren estudioan eta hartu-emon personalak zituen haregaz. Hori oso garrantzitsua izan da. Lehen egunetik oso hurrekoa izan ziran danon arteko hartu-emonak. Sinergia polita osotu eta horregaitik izan zan hain atsegina grabazino sasoia.
8-. Disko honek berezitasun bat dauka: Iban Zalduak idatzitako kantuen berbetan oinarritutako liburuxka bat...
Disko bat argitaratu orduko, promozino orrialde bat eskatzen jako kazetari bati edo beste musikari bati. Guk asmo horregaz jo genduan Iban Zaldua idazleagana. Berak, ostera, ipuin bat bialdu euskun bueltan. Diskoko kantu guztien letrak erabiliz, narrazino zoragarri bat ondu dau. Opari ederra izan da.
9.- Abesti gehienak zuk idatzi dozuz eta beste batzuk poemetatik hartu dozuzala dinozu, ezta?
Bai, holan da. Diskoaren aldartera ondoen lotzen ziran poemak batu ditut. Ione Gorostarzurena da Bere txisteak abestiko letrea. Badau ikutu zirikatzaile bat. Kristoren gonbidapena abestiko letrak moduan. Azken honek Angel Gonzalezen poema bat dau oinarrian. E jauna kantua da akaso desbardinena eta Pello Lizarralderen idatzi bategaz osotu genduan. Soinukera aldetik, barriz, badau diskoagaz oso ondo lotzen dan zeozer.
10.- Kristoren gonbidapena da diskoaren aurkezpen kantua. Zergaitik aukeratu dozu?
Bideoklip bat egiteko egokia begitantzen jakun. Azken afariaren kutsua dau letreak eta bideoa egiteko joko asko emon eikeala uste genduan. Dana dala, meritu osoa Hiru Damatxo Ideia Faktoriarena da. Doinuak beste alde batetik, badau argitasun moduko bat eta hori be izan zan abesti honen alde egiteko orduan kontuan izan genduan beste elementu bat.
11.- Bide Ertzean taldeagaz Gaztelupeko Hotsak diskoetxeagaz lan egiten zenduen eta, orain, barriz, autoprodukzinorako bidea hartu dozu, ezta? Zergaitik?
Autoprodukzino maila handiko taldea izan gara beti. Azken pausua emotea falta jakun: fabrikazinoa eta zabalpena. Pausu hori emoteko sasoia zala uste genduan, orain ikusi behar. Asmau ete dogun edo ez, denporeak esango dau.
12.- Behin diskoa kalean dala, zeintzuk dira Don Inorrezek dituan asmoak?
Ez gara zerotik hasi, ibilbide luzea dogulako aurretik, baina hasibarriaren umiltasunagaz gatoz plazara. Taldea ezagutarazo nahi dogu, besteak beste, zuzenekoak eskainiz. Beraz, epe erdira, hori da asmoa: Mugiro bila diskoa zuzenekoetan defendidutea.
13.- Eta zelan daukazu zuzenekoen agendea hurrengo hilebeteetarako?
Emonaldi bi doguz begi bistan. Apirilaren 12an, eguenean, Bilboko Kafe Antzokian joko dogu eta apirilaren 14an, zapatuan, Donostiako Dabadaba aretoan. Gure agendan, horreek dira gorriz markauta dogozan egunak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!