Atzerrian euskal kulturea zabaltzeko sei irakasle behar ditue

Bizkaie! 2018-04-06 08:27   Euskaldunak munduan

Etxepare Euskal Institutuak egin dau deialdia, Europako zazpi unibersidadetako irakurleak aukeratzeko.

Sorbonne Nouvelle unibersidadea, Parisen | Ikusi handiago | Argazki originala

Atzerriko unibersidadeetan euskerea eta euskal kulturea erakusteko martxan dauen irakurletza programearen barruan, sei behargin barri behar ditu Etxepare Institutuak eta horreek aukeratzeko prozesua abiatu dau. Interesa daukienek maiatzaren 5era arte aurkeztu leikie euren hautagaitzea, Etxeparera bertara jota edo Jaurlaritzearen Zuzenean zerbitzuaren bidez.

Irakurleek euskerearen eta euskal kulturearen oinarrizko ezagutzak erakutsi beharko deutsiez ikasleei, ikasgelako azalpenen eta jarduera osogarrien bidez. Teoria eta praktikea buztartzeko, euskal irakurleak dagozan unibersidadeetan euskal kultureagaz lotutako hainbat jarduera antolatzen dira, esaterako proiekzinoak, berbaldiak, Korrika...

Sei irakurle behar ditu Etxeparek, Europako zazpi unibersidadetan dituan hutsuneak beteteko. Honeek dira unibersidadeok: Parisko Sorbonne Nouvelle (Paris, Frantzia), Université de Pau et des Pays de l'Adour (Paue, Frantzia; Baionan be badauka egoitzea), Masaryik Unibersidadea (Brno, Txekiar Errepublikea), Adam Mickiewicz Unibersidadea (Poznan, Polonia), Eötvös Lorand Unibersidadea (Budapest, Hungaria), Szegedeko Unibersidadea (Hungaria) eta Konstanzeko Unibersidadea (Alemania).

Hungariako unibersidade bietan irakurle berberak emongo ditu ikastaroak. Deialdia 2018-19 ikasturtean behar egiteko da, Etxeparek zehaztu dauenez. Hautagaiek graduko titulua edo lizentzia izatea beharrezkoa da, baita euskerazko EGA titulua be. Poznango Adam Mickiewicz Unibesidaderako euskerazko C2 mailea egiaztatu beharko dabe hautagaiek, eta Sorbonne Nouvelle eta Paueko unibersidadeetarako, frantsesezko B2 mailea.

Deialdi ofiziala, hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu